Euskaraldia 2020

Euskara lan munduan: txanponaren bi aldeak

Urola Kostan euskaraz bizitzea norberaren gaitasunen eta nahien araberakoa da hein handi batean. Lanean euskara erabiltzea, ordea, ez da hain erraza batzuentzat; Ion Arregi azpeitiarrarentzat, esaterako. Beste batzuek, laneko hizkuntza ez ezik, euskara dute laneko oinarri ere; Amaia Urbieta UKTko kazetariak, adibidez.

Euskaraldiaren harira, Ion Arregi azpeitiarrak eta Amaia Urbieta zarauztarrak beren lanetan euskararekin duten harremana azaldu dute.

Ion Arregi, Zurich aseguru etxeko bitartekaria

“Oso erdalduna da aseguruen alorra, barne erabileran batik bat. Dokumentu gehienek gaztelaniaz egoten jarraitzen dute, eta hitz oso teknikoak izanik, erdaraz jarraitzen da idazten, esaten eta ulertzen. Gauza bera gertatzen da beste alor askotan: ekonomian edo zuzenbidean, esaterako. Egiari zor, ordea, poliki-poliki, ari gara euskarazko hitzak sartzen aseguruen munduan; estaldura, ziurtagiria edota BEZa gero eta gehiago entzuten eta erabiltzen diren hitzak dira. 

Gauza gutxi dugu egiteko gu bezalako frankizia txikiok. Izan ere, azkenean, aseguru etxeen egoitza nagusiak hemendik kanpo daude; Madrilen, Bartzelonan, Sevillan… Ezinezkoa zaigu euskara sartzea, eta gaztelania erabili beharra dugu. Nire betiko borroka izan da, euskara gehiago sartzea aseguruetan. Barne lanketa guztia gaztelaniaz dago. Ez da zerbait gehiago egin ahal izatea bakarrik, entitateek badute betebeharra zentzu horretan, hala esaten duelako legeak. Informazioa eta eskaintzak hizkuntza ofizialean emateko betebeharra dute, baina kasu askotan, ez gaude prestatuta.

Inguru oso euskaldunean bizi gara, eta gure aseguru etxean informazioa euskara hutsean eskaini dezakegu, nahiz eta dokumentazio eskaintza oso urria izan. Hori horrela izanik ere, ordea, aseguruez hitz egiten ari garenez, askotariko erantzunak izan ditut bezeroen aldetik: batetik, informazioa euskara hutsean nahi zutenak, eta, bestetik, euskaldunak izan arren, informazioa gaztelaniaz nahi zutenak. Ohituak daudelako erderaz irakurtzera aseguruen inguruan. Lanean ari gara, baina bide luzea dago egiteko oraindik. 

Azpeitian esaten dugun moduan, azpeitiar peto-petoa naiz, baina, esan beharra dut batzuetan erosoago sentitzen naizela gaztelaniaz esaten ditudanean hainbat hitz. Arazoa non dago? Urte hauetan guztietan barneratu egin ditudala gaztelaniazko hitz horiek, eta bakarrik irteten zaizkidala.

Aldatzen doala ikus daiteke, ordea, oso poliki  bada ere. Ziur nago hurrengo belaunaldiek gero eta hitz gehiago, eta euskara gehiago erabiliko dutela aseguruetan nahiz gaztelania gailentzen den gainontzeko alorretan”.

Amaia Urbieta, Urolako Komunikazio Taldeko erredaktoreburua

“Pribilegiatua sentitzen naiz, zaila izango delako euskara gehiago erabiltzea eta euskaraz gehiago gozatzea, euskarazko tokiko komunikabideetan baino. Euskara hutsean idazten dugu, gehien-gehienetan itzulpenik egin gabe. Eta hori inguruneari zor diogu: elkarrizketatuek nahiz eragile eta erakundeek euskaraz badakitelako eta euskara darabiltelako gurekiko komunikazioan. Ez dute sentsazio bera edukiko Bizkaiko zenbat eremutako lankideek, ezta Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat eskualdetakoek ere. Barne mailan ere zorteko naiz: euskaraz bizi gara lankide guztiok Zarauzko erredakzioan nahiz beste lauretan, eta kooperatibako barne dokumentazio eta komunikazio oro ere euskara hutsean izaten da. Beraz, hartu dugu parte Euskaraldian eta bagara arigune, baina etxeko lanak eginda ditugula sentitzen dut.

Beti dago hobetzeko alderdiren bat, ordea. Batetik, komunikazioaren kalitatea aipatu nahi dut. Kazetari guztiok hausnartu behar genuke idazten dugun esaldi bakoitzaz. Aurreneko irakurraldian ulertzen ez bada, ez du balio. Badugu uste oker bat; pentsatzen dugu sinple idaztea eta aditza aurrean jartzea ez dela profesionala. Baina ondo komunikatzeko gakoetako bi dira niretzat.

Bestetik, burura datozkit era guztietako erakundeetatik erredakzioetara iristen diren prentsaoharrak, euskaratuta. Bernardo Atxagak azpimarratu izan ditu zeinen garrantzitsuak diren itzulpen onak euskararen etorkizunarentzat. Aurreneko puntura garamatza: testu bat aurrenekoan ulertzera. Bestela, nork ez du erdarara jotzen horretarako aukera edukita?

Azkenik, burua eskualdetik altxatu, eta beste kazetariei lagundu nahi nieke; horregatik sinatu nuen, 300dik gora euskal kazetarirekin batera, Jaurlaritzako sailburu guztiak euskaldunak izan zitezen eskatzeko idatzia. Euskararen alde guztiok egin behar dugunez, zilegi da agintariei ere beren apurra eskatzea”.