Indarkeria matxistaren aurkako aldarria kaleratu dute beste urte batez

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 25a, 19:30

Bizikletak hartuta herriko kaleak aldarriz bete ostean, Munoa plazan egin dute ekitaldia aurtengo azaroaren 25ean. Pandemiarekin indarkeriak biderkatu egin direla azpimarratu du Zarauzko Koordinadora Feministak.

Azaroak 25 ditu gaur, eta beste urte batez, indarkeria matxistaren aurkako aldarria kalera ateratzeko eguna izan da hamaika txokotan. Zarautz ez da salbuespena izan; besteak beste, herriko kaleetan barrena bizikleta martxa egin dute hainbat eta hainbat emakumek, 18:00etan Emakumeen* Etxe aurretik hasita.

Horren ostean elkartu dira guztiak Munoa plazan, amaiera ekitaldian parte hartzeko. Zarauzko Koordinadora Feministako kide batek nabarmendu du indarkeriak biderkatu egin direla pandemiarekin, eta itxialdi orokorrean ez zela kontuan izan neurri horrek zer nolako eragina izan zezakeen indarkeria eredu horietan guztietan, eta nola sortu edo larriagotu zitzakeen.

Salaketa horrekin bat egin du Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen plataformak ere. "Emakumea eta adinekoa izatea, arrisku handiko faktoreak dira, eta horri pandemia egoeran bizi beharra gehitzen badiogu, konfinamenduekin, harreman murrizketekin eta abarrekin, indarkeria mota desberdinak pairatzeko arriskua areagotu egiten da", adierazi du plataformako kide batek.

Emakume gazte batek ere hartu du hitza gaurkoan" Neska gazteok ere ongi ezagutzen ditugu indarkeriaren aurpegi ezberdinak", azaldu du, eta aldarrikatu du "elkar zainduz eta autodefentsa feministaz bakarrik" egin ahalko zaiela aurre "gure bizitzak zeharkatzen dituen indarkeriari".

Goizean, Urola Kostako Hezkidetza Foroaren eskutik, online elkarretaratzea egin dute herriko ikastetxeek, udalerriek eta Berritzeguneak. Bestalde, Urola Kostako Ikasle Abertzaleek antolatuta, arratsaldeko aurreneko orduan hitzaldia izan da Putzuzulo gaztetxean: Genero problematika hezkuntzan. Besteak beste, "egiturazko indarkeriak gaur egun betetzen duen papera" eta, zehazki, "indarkeria matxistak egun jokatzen duen funtzioa" izan dituzte hizpide. 19:00etan, aldiz, Erradikalak ginen antzezlana ikusteko aukera izan da Modelo aretoan; hain zuzen, Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen lana.