Aleak hegan Sanz Eneatik

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 26a, 09:54

Gustav, hondoratze baten istorioa liburuxka argitaratu dute oraingoan Zarauzko Kultura Sailak eta liburutegiak elkarlanean, eta 1.000 ale doan jarri dituzte eskuragarri liburutegian. Idoia Etxebarriak azaldu duenez, herritar ugari ari da bertaratzen aurreneko egunetik liburuxka eskuratzeko.

Aurrena Mathilde Van Eyseri buruzkoa izan zen; gero, Gela Urdinari buruzkoa; eta, aurten, Gustav itsasontziari buruzkoa. Zarauzko Udalak hirugarren urtez jarraian argitaratu du liburuxka herriko gai edo pertsona bat protagonista hartuta. Gustav, hondoratze baten istorioa lana doan dago eskuragarri Sanz Enea liburutegian, baina Idoia Etxebarria liburutegiko arduradunaren arabera, "aleak hegan egiten" ari dira. Hark azpimarratu duenez, liburutegiko eta Kultura Saileko kideek elkarlanean hasitako proiektua da, "zarauztarrek beren herriko historia hobeto ezagutu dezaten". Hala, beraiek hartu dute eskuz idatzitako testu originala, eta hori digitalizatzeaz gain, euskaratu ere egin dute gaztelaniatik, ondoren argitaratu ahal izateko.  

Venancio Amezti da testuaren egilea, Zarauzko kronista izandako apaiza; Gustav itsasontzia, berriz, protagonista nagusia. Ez da harritzekoa Ameztik gai horretaz idatzi izana, film baterako gidoia ere izan baitzitekeen gertatutakoa. Ontzi alemaniarra zen Gustav, eta 1874ko abenduaren 12an iritsi zen gure kostaldera, itsasoko ekaitzetik ihesi. Liburuxkaren hitzaurrean honako hau jaso dute: "Getariara hurbildu nahi izan zuen, San Anton mendiaren babesera, baina Akarregi baserrian zegoen Karlisten 3. Batailoiak tirokatu egin zuen, gerrako kontrabandoa zekarrelakoan. Karlistaldian zeuden bete-betean; liberalen esku zegoen Getaria, eta setiatuta zeukaten karlistek. Itsasontzi alemana liberalei laguntza ematera zihoala pentsatu zuten karlistek, eta tiroka hasi zitzaizkion. Laguntza eskaintzera irtendako getariarrei esker lortu zuten, azkenean, ontzia lotzea. Gauean, ordea, denboraleak sokak apurtu eta Zarauzko hondartzarantz eraman zuen ontzia, hondoa jo zuen arte".  


Ameztik utzitako altxorra


Etxebarriak azaldu duenez, herriko istorio asko eta asko ditu jasoak Ameztik bere egunerokoetan. Eskuz idatzitako bederatzi liburukitan, milaka orritan, Zarauzko historiaren zati handi bat jaso zuela jarri dute hitzaurrean. Liburutegian horiek transkribatzen ari dira. "1936ko Gerrari buruzkoak ere baditu idatzita, baina horiek ez dauzkagu eskura; legez, oraindik ezin dira plazaratu, izen-abizen eta guzti kontatzen baititu gertakariak".