2021. urteko aurrekontuak lantzeari ekin dio Zarauzko Udalak, eta adierazi du aurten ere prozesu parte hartzailea jarri duela martxan, proposamenak jasotzeko. Dena den, oraingoan ez da aurrez aurreko bilerarik izango: herrian zehar jarriko diren postontzi bereziak, udalaren web-orrialdeko Parte hartu atala edo posta elektronikoa (partehartu@zarautz.eus) erabili beharko dira ekarpenak egiteko. Zarauztarrek, hain zuzen, bihartik hasita abenduaren 10era arte bidali ahal izango dituzte proposamenak.
Zortzi postontzi jarri dituzte momentuz: Vista Alegre auzo elkartean, udaletxearen eraikin zaharrean nahiz berrian (Etxezabala), Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean.
"COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, aurtengo prozesu parte hartzailea desberdina izango da. Bilerak aurrez aurrekoak egitea ezinezkoa da eta, beraz, modu telematikoan egin beharko dugu prozesua, kutsadurak saihesteko", dio Jesus Arana Ekonomia eta Partaidetza zinegotziak.