Salberdingo aparkalekua lekuz aldatuko dute astelehenetik aurrera

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 27a, 13:35
Xabier Txurruka alkatea, Mesill enpresa zegoen eremuan. (Zarauzko Udala)

Mesill enpresa zegoen lekuan birkokatuko dute aparkaleku berria eta 100 autok aparkatzeko lekua egongo da. Araba kaletik egokituko dute sarrera, eta Aitze kaletik irteera.

Udalak jakinarazi du datorren astelehenetik aurrera Mesill enpresa zegoen partzelan birkokatuko dutela Salberdingo aparkalekua. Behin-behinean, 100 autok aparkatu ahal izateko lekua egongo da espazio berrian, eta aditzera eman dute Araba kaletik izango duela sarrera, eta Aitze kaletik irteera. 

Xabier Txurruka alkateak adierazi du aldaketa "beharrezkoa" dela Salberdingo lehen faseko urbanizazio lanak egiteko. Gaineratu du Salberdingo Hitzarmen Batzordeak aurreikusten duela bi urtean burutzea eremuaren iparraldea urbanizatzeko lanak (Bizkaia kalea eta trenbidearen arteko eremua). 

Bizkaia kalea moztuta

Bestalde, udalak jakinarazi du laster moztu egingo dutela Bizkaia kalea Zelai Ondo eta Aitze kaleen artean, oinezkoentzat zein ibilgailuentzat, errepide berria urbanizatzeko. Inguruko auzotarrentzat eta jarduerentzat "behin-behineko sarrera mugatu eta esklusiboa" prestatuko dela azaldu du. "Zarauzko erdiguneko obra hauek eragozpenak ekarriko dituztela badakigu, eta inguruko auzotarren egunerokoa aldatuko dutela. Barkamena eskatu nahi dugu eragin hauengatik, baina horixe da obrek dakartena. Are gehiago, Salberdin bezalako urbanizazio bat garatzeko obren bolumen eta garrantzia kontuan izanik", azaldu du alkateak.