Felix Zubia: "Ostalaritza guztion hobebeharrez ixten badute, guztion artean lagundu behar genieke, ezta?"

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 27a, 15:14
Felix Zubia mediku zarauztarra, artxiboko irudian.

Rikardo Arregi saria jaso zuen atzo zarauztarrak, Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioan egiten ari den lanagatik Arantxa Artza kazetariarekin batera. "Ezustean eta pozik" jaso du saria, eta azaldu du gustura hitz egingo lukeela berriz ere koronabirusa ez den zerbaitetaz osasunari buruzko irratsaio horretan. Txertoa iritsi bitartean behintzat, ordea, zaila ikusten du gai horrek pisua galtzea.

Atzo jaso zenuten Arantxa Artza kazetariak eta biok kazetaritza arloko Rikardo Arregi saria. Zer hausnarketa egin duzu?
Ezusteko handi bat izan da. Baita izendapena bera ere. Sariak entzutez ezagutzen nituen, baina ez ditut sekula jarraitu izan, eta irudipena nuen kazetarientzat zela eta nik, mediku izanda, ez neukala tokirik hor. Abisatu zigutenean izendatuta geundela, aurreneko gauza galdetu nien ea seguru zeuden. Bigarren ezustekoa atzo hartu nuen, saria guretzat zela jakitean.

2013tik ari zara Osasun Etxea irratsaioa egiten igandero.
Bai, eta beti pentsatu izan dut gurea saio txiki bat zela. Orain urte asko sortu zen, eta nire aurretik Julian Bereziartua mediku azpeitiarrarekin egiten zuten, jendeari osasun kontuen berri emateko. 2013an hasi nintzen ni, eta nire asmoa ere horixe zen: jendeari ahalik modu argienean azaltzea osasun kontuak, hor badugulako medikuok zulo handi bat. Hori hobetzea da asmoa, modu ulergarrian, bai kontzeptuz, bai euskaraz ere txukun eginda. Horretan genbiltzan, igandero jendearen kezkei erantzunez, galdetzen ziguten artrosiaz, tentsio altuaz, azukreaz, horrelako kontuez, eta bat-batean koronabirusa lehertu zen. Eta uste dut aurreneko lerrora ekarri gaituela horrek, izan delako notizia pila bat denbora askoan, baina, beharbada, soinu asko eta informazio gutxi.

Ezinbestean, COVID-19a izan duzue hizpide martxotik hona irratsaioan.
Bai, eta saiatu gara bi gauza egiten: batetik, gure laneko esperientzia kontatzen, hau da, lehen lerroko esperientzia kontatzen, ospitale batean nola bizi dugun, uste dudalako horrek ere baduela bere balioa; eta, bestetik, esaten dagoen informazio horretatik guztitik zer den garrantzitsua eta zer ez. Eta tira, asmatu badugu, ba gustura.

"Umeek sekulako lezioa ematen digute egunero. Haiek egiten badute, helduok zergatik ez? Lan handia dugu hor"

 

Epaimahaiak ere hori azpimarratu du, ezta?
Beraiek azpimarratu dute zerbitzu publikoaren funtzio bat dela hor egotea eta jende askori informazioa ematea, eta batez ere esaten zuten hainbeste zarata edo soinu zegoen garaian, lastoa eta garia bereizteko egindako ahalegina baloratzen zutela. Informazio zehatza zer den eta zer ez den. Hori lortu badugu, gustura. Jendeak esaten dit errieta asko egiten dudala, hori bai, kar-kar-kar.

Errieta, pandemiaren aurrean gizarteak duen jarreragatik, edo?
Hori da. Noski, ardura denena da, eta agintariek beren ardurak dituzte, eta hori argi eta garbi esa beharra dago, baina gutariko bakoitzak ere badu ardura. Zergatik? Bada, birusa pertsonatik pertsonara transmititzen delako. Eta saiatu naiz hori esaten, askotan tonua asmatzea kostatu egin bazait ere. Astero errepikakorra ez izatea ere ez da erraza izan. Saiatu gara mezu argiak ematen, eta ardura hori gogorarazten. 

COVID-19a gurera iritsi zenetik datu gehiago ditugu, hasierako uste batzuk aldatu egin dira... Zeuk baduzu gogoan aldatu behar izan duzun mezurik?
Bai, hasieran geneukan zalantza zen ea maskarek funtzionatzen zuten ala ez, ikusi da garbi funtzionatzen dutela, eta gero, badago beste mezu bat, ni saiatu naizena esaten, baina ez dakidana behar bezain garbi gelditu den: oso-oso arriskutsuak dira maskararik erabiltzen ez den espazio itxiak. Hor dago arrisku handiena, eta hori egiten dugu etxeetan, familian elkartzen garenean, eta ostalaritza guneetan. Ez ostalaritzako jabe edo langileei dagokienez, baizik erabiltzaileok edo bezeroak ostalaritza guneetan gaudenean. Hor jarri beharko genuek arreta. Hobetuko da egoera, txertoak ere hobetuko du egoera, baina bitarte horretan zaintzen jarraitu beharko dugu, eta bizitza soziala mantendu nahi badugu, ohiturak egokitu egin beharko ditugu. Irudimena erabilita, denok asmatu beharko dugu nola egin. Bestela, gauza bera errepikatzen badugu, emaitza badakigu zein den.

Toki itxiak aipatu dituzu, eta nola baloratzen duzu ikastetxeek oro har normal funtzionatzen jarraitu izana?
Bazegoen beldurra ikasturte hasierarekin, eta horretan ere martxotik hona asko aldatu gara: haurrak ez dira transmisio foku handi bat. Uste zen baietz, bai gripean eta bai beste arnas infekzio batzuetan haurrak transmisio foku handia zirelako. Horregatik, martxoan aurren-aurrena egin zena izan zen eskolak itxi. Ikusi da, ordea, haurrak ez direla transmisio foku handia, ikerketa batzuek esaten dute haurrak oso gutxi infektatu eta oso gutxi transmititzen dutela daukaten infekzio naturalagatik. Eta badago bigarren gauza bat, nire ustez hori baino garrantzitsuagoa: gauzak ondo egiten direnean, transmisioa moztu liteke. Hau da, neurriak hartzen direnean, burbuilak egiten direnean, maskarak jantzi, egurastu... Hori guztia egiten denean, ez da transmisiorik izaten. Orduan, haurrek egin badezakete, helduok zergatik ez? Lan handia dugu hor. Izugarrizko lezioa ematen digute umeek egunero. Gauzak ondo egiteak badu bere balioa, eta hori mantendu beharko genuke.

"Hego Euskal Herrian errekor bat dugu: Belgikarekin batera, hilkortasun handiena duen herrialdea gara Europan"

Birusaren aurka hartu diren neurriak asko ari dira kaltetzen ekonomia oro har, eta bereziki sektore batzuk. Neurri horien ordez, inbertituko bagenu ospital berriak eraiki eta horiek tresnaz eta langilez hornitzen? Zer iritzi duzu horretaz?
Galdera hori askotan planteatu den kontua da, baina niretzat planteamendu okerra da guztiz. Hau da, koronabirusak daukana da oso kutsakorra dela. Jende asko kutsatzen du, gehienek sintomarik ez dute edukitzen, beste askok eta askok sintoma arinekin pasatzen dute, eta portzentajean gutxi batzuk hiltzen dira. Arazoa da asko zabaltzen denean, jende asko hiltzen dela. Eta gainera biderkadura esponentziala izango luke. Hego Euskal Herrian errekor bat dugu: Belgikarekin batera, hilkortasun handiena duen herrialdea gara Europan. Beraz, ospitale gehiago edukitzeak eta bizimodu normala egiteak ekarriko lukeena da, batetik kutsatze tasa biderkatzea, eta bestetik, heriotzak gehitzea eta biderkatzea. Hau piramide bat da, eta punta-puntan dago ospitaleko arreta; tartean egongo lirateke PCRak eta baheketak; eta azpi-azpian, neurri orokorrak. Eta batez ere neurri orokorretan aritu behar dugu. Eta benetan hau moztu nahi badugu, neurri orokorretan asmatu behar dugu eta mantendu behar ditugu. Ostalaritza jarduerak arrisku hori baldin badu, eta denon hobebeharrez itxita egon behar badu, beharbada dirulaguntzak horra eraman beharko dira, eta 2021eko aurrekontuek guztiz desberdinak izan beharko dute. Guztion onagatik ixten badute, guztion artean lagundu beharko diegu, ezta?

Irudimena erabiltzeaz hitz egin duzu. Adibiderik?
Aipatutako laguntzez gain, beharbada elkarrekin bizi garenok burbuila bat osatu dezakegu, eta ez nahastu beste burbuiletakoekin, bizimodua burbuilakoekin egin. Edo bizpahiru burbuila egin, baina gehiagorekin ez nahastu. Hau da, ez egun batean batekin, bestean bestearekin eta hurrengoan beste batekin ibili. Asmatu egin beharko dugu, eta ahalik jarduera gehiena espazio itxietatik zabaletara aldatu.

Irratsaioaren gaira bueltatuta, beste denbora puska batean koronabirusaz aritzea aurreikusten duzu? Beste gai batzuez jardun nahiko zenuke hizketan?
Niri gustatuko litzaidake lehengora itzultzea, gustu handiz egingo nuke hori, pertsonalki ekarri digun kargagatik. Berez urte hasieratik ari ginen protokoloak idazten eta prestatzen, baina ez zen horrenbestekorik espero, eta ondoren, gure gorputzean ordaindu dugu epidemia hau, bai buruz bai eta gorputzez ere. Horregatik, oso gustura bueltatuko nintzateke lehengo gaiak erantzutera koronabirusa ahaztuta, baina errealitateak dio, edo nik uste dut, behintzat, txertoak izan eta banatu bitartean ez dakigula zer izango den. Gutxienez udaberria iritsiko da, eta bitartean ezin dugu hirugarren olatu gogor bat onartu, bestela gizartearentzat zentzu guztietan ikaragarria izango litzatekeelako. Eta ikusteko dago txertoak zer erantzun ematen digun eta zer gertatzen den. Beharbada oso intzidentzia txiki batekin gure artean geldituko da, eta tartean-tartean, beste gaixotasunak bezala, koronabirus kasuren bat ere ikusiko dugu. Oraindik ez dakigu hori.

Denok txertoaren zain, hortaz.
Bai, baina bitarte horretan neurriak mantendu ditzagun eta pentsatu dezagun zer babestu behar dugun eta zer egin behar dugun.