Badirudi egonkortzen ari dela joera

Aitziber Arzallus-Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 27a, 14:36

Hamar positibo berri atzeman zituzten atzo Zarautzen. Zifrak kezkagarria izaten jarraitzen du, baina egoera asko baretu da azaroaren hasieratik hona.

Herenegun baino hiru positibo gehiago atzeman zituzten Zarautzen atzo: 10. Intzidentzia tasa igo egin da 416,29etik 442,04ra, baina eremu laranjan egoten jarraitzen du. Grafikaren bilakaerari erreparatuta, aurreko asteetakoen aldean askoz baxuagoak izan dira aste honetako zifrak. Pasa den astelehenean sartu zen Zarautz semaforo laranjan; hori berri ona bada ere, ordutik ez da asko jaitsi intzidentzia tasa. Egonkortu egin da, dirudienez.

Eskualdeari dagokionez, azken astean nabarmen egin du hobera egoerak, eta atzoko datuak hori baieztatzera datoz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 22 positibo zenbatu zituzten atzo Urola Kostan; asteazkenean baino bat gutxiago, asteartean baino zazpi gutxiago eta astelehenean adina. Asteko joera hori izan da, beraz: eguneko 20-30 positibo berri. Badira batzuk, baina duela aste batzuetako datuen ondoan, askoz gutxiago dira. 

Azpeitian, Azkoitian, Getarian eta Orion hiruna kasu baieztatu zituzten, eta gainontzekoetan, bakar bat ere ez. Iragan ostiralaz geroztiko datuei erreparatuta ere, Zarautz izan da positiborik gehiena atzeman dituzten herria: 55. Azkoitian 43 izan dira, Azpeitian 34, Orion 16, eta gainontzekoetan hortik behera.

Intzidentzia tasak ere apaltzera egin du oro har. Jaitsierarik deigarriena Zumaiak izan du: duela aste batzuk ia 2.000ra iritsi zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo kopurua, eta gaur 193,38 da.

Azpeitian ere bi astean erdira jaitsi da: gaur 604,45 da, eta orain dela bi aste 1.200dik gorakoa. Orion, aldiz, kezkatzeko zifrak dituzte; 890,94 da tasa.

 

Hego Euskal Herriko egoera ere duela aste batzuk baino askoz hobea da. Atzo 14.143 PCR eta antigeno test egin zituzten eta 785ek eman zuten positibo; horrenbestez, %5,5ekoa da positibotasun tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino gutxiago izan ziren; Nafarroan, aldiz, gehixeago. Dena dela, gaurko datuek ez dute zerikusirik duela aste batzuetakoekin, egun batzuetan 2.000 positiboen langa ere gainditu zelako. Erietxeetako egoerak ere hobera egiten ari da pixkanaka; bi astean %40 murriztu dira ospitaleratzeak.