Pentsiodunek manifestazioa egingo dute datorren larunbatean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 1a, 11:18

Toledoko Itunak pentsioei lotuta egin dituen gomendio berriak salatu ditu pentsiodunen mugimenduak, baita Kongresuak horiek onetsi izana ere. "2020ko pentsioen erreforma hasi besterik ez dela egin" ohartarazi du, eta mobilizatzera deitu du larunbat honetarako. 11 aldarrikapen nagusi aterako ditu kalera.

Larunbat honetan, abenduak 5, Hego Euskal Herri osoan barrena egingo dituzte mobilizazioak pentsiodunek. Espainiako Diputatuen Kongresuak azaroaren 19an onartu zituen Toledoko Itunak egin dituen gomendio berriak, eta horren aurrean, pentsiodunen mugimenduak adierazi du "gaitzetsi" egiten dituela Kongresuaren erabakia nahiz "ERC, EH Bildu, BNG, Compromis edo Más País-Equo alderdien boto partikularrak".

"Kongresuaren bozketaren ondoren, jasangarritasun-faktoreak eta 2011ko pentsioen erreformak indarrean jarraitzen dute, eta erreforma berriei ateak irekitzen zaizkie: erretiro aurreratua zigortzea eta pentsioaren %100 eskuratzeko baldintzak gogortzea; pentsio-plan pribatuak diru publikoarekin bultzatzea eta alarguntza-pentsioa murriztea", ohartarazi dute pentsiodunek. Hainbat eskakizun baztertu direla salatu dute gainera; esaterako, "1.080 euroko gutxieneko kontribuzio-pentsioa", "40 urte kotizatuta dituztenen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea" edota "soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzeko neurriak". "2020ko pentsioen erreforma hasi besterik ez da egin", diote.

Arrakala

Pentsiodunen mugimenduaren esanetan, pentsioen azkeneko erreformarekin "hautsi egin da sistemaren belaunaldien arteko elkartasuna", eta "hiru multzotan banatu" dituzte pentsioak: batetik, "gutxieneko pentsio miserableak, gehi alargun-pentsio gero eta murritzagoa, kontribuzio-izaeratik aldenduta"; bestetik, "gero eta pentsio txikiagoak belaunaldi berrientzako"; eta azkenik, "pentsio-plan pribatuak funts publikoekin ordaindu ditzaketen langileentzat".

Bestalde, seinalatu dute "botere ekonomikoak" "gastuaren eta demografiaren arabera" zehazten dituela pentsioak. Ondorioztatu dute, horrez gain, "ez dagoela pentsio duinik enplegu duinik gabe", eta horregatik egin dituzte, besteak beste, 2010-2012ko Lan Erreformari lotutako aldarrikapenak ere.

11 eskakizun

Horren guztiaren gainetik "borrokan jarraitzea besterik" ez dagoela aldarrikatu dute pentsiodunek, eta larunbateko manifestazioan parte hartzera dei egin dute. 12:00etan izango da, udaletxe aurretik abiatuta. Azaldu dute, nagusiki, ondoko aldarrikapenak aterako dituztela kalera:

  • KPIaren igoera guztientzat.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
  • 2010-2012ko Lan Erreforma eta 2011-2013ko Pentsio Erreforma indargabetzea eta, bereziki, jasangarritasun faktorea.
  • 1.200 euroko gutxieneko soldata.
  • Zigorrik gabeko erretiroa, 40 urte kotizatuta izanez gero.
  • Gizon eta emakumeen soldaten eta pentsioen arteko arrakala gainditzea.
  • Bikoteari dagokion pentsio osoaren araberakoa izatea alargunen pentsioa, eta kontratu duinak etxeetako langileentzat.
  • Pentsio publikoen etorkizuna bermatzea, pribatuei laguntza publikoa ukatuz.
  • Helduentzako arreta eta zerbitzu soziosanitario publikoa lehenestea finantzazioa handituz eta kalitatezko sare publiko eta unibertsala sortuz.
  • Gizarte Segurantza propioa.
  • Euskara arlo guztietan bermatzea.