Maza etxearen barrualdeko patioan murala egin du Garikoitz C. Muruak

Zarauzko Hitza 2020ko abe. 1a, 16:20

Atzo aritu zen Garikoitz C. Murua egun osoan zehar Maza etxearen patioko horma batean mural berria egiten. Torre Luzeako parkera joateko maldatik ikus daiteke artistaren lana.

Maza etxearen atzealdeko patioan artelan berri bat dago ikusgai. Garikoitz C. Murua artistak astelehenean egin zuen, Arkami arkitektura estudioaren ekimenez. Estudioa eraberritzera bideratuta dagoen heinean, "bertako ondarea zaintzea eta errespetatzea" dute xede, baita bertako artistei bultzada ematea ere.

Bi asmo horiek uztartuta, Garikoitz C. Muruagana jo zuten. Artista donostiarrak landa eta hiritar kutsua duten guneetan hamar mural egitea helburu duen proiektua darabil esku artean, eta Mazaren atzealdean egin du horietako bat.

Orkolagaren oroimenez

Murala dagoen tokian bizi zen Juan Migel Orkolaga bikario eta metereologoa 1893az geroztik, eta han zeukan begiratokia ere. Astronomia arloan ekarpen handiak egin zituen Orkolagak, eta haren oroimenari keinu egin nahi izan diote muralaren bidez. 

Orkolagaren etxearen irudia. (Utzitakoa)

 

Goiko irudian ikus daiteke ingurua nolakoa zen XVII. mendearen amaieran. Herriko ondareari eta historiari balioa emate aldera, ondoko testua idatzi du Jesus Mari Olaizola Txilikuk:

Agian, Orkolaga presbitero eguraldi-iragarleak, enbata- eta ekaitz-ehiztari trebeak, aita Borrascas ospetsuak, hemendik, bere baratza zuen honetatik, zelatatu zituen laino eta hodeiak bere etxean zeruetarako talaia eraiki aurretik.

Ziertoki, gure arbaso Patxi Urzelaik eta De la Maza jaunak erosi zioten ortu hura, apaizaren baratzea deitua, Orkolaga bikario jaunari: etxe bana egiteko. Eta bakoitzak moldatu zuen bere etxea norberaren beharren eta lanbideen arabera.

Gero, joan ziren egunak eta denborak, eta, gurean, zapatagileen lantegi bilakatu zen ortu honen barreneko eraikuntza txikia. Baratzea etxearen bihotz, lantegia baratzearena.

Fortunaz, gero eta hiriago den gure Zarautz honetan, oraindik ere ortu itxi jarraitzen du etxearen bihotzak, gure lorategi ñimiño hiritar ezkutuak, gure locus amoenus partikularrak, gure txoko txiki atseginak.