Zarauzko Bilgune Feministak ere bat egin du larunbateko pentsionisten aldeko mobilizazioarekin

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 2a, 08:41

Zaintza lanak ere kontuan hartuko dituen pentsio sistema aldarrikatzera aterako dira kalera larunbatean Bilgune Feministako kideak, pentsiodunen deialdiarekin bat eginda.

Emakumeak* pentsio sistemaren inguruko ituna batzen duen Toleoko Itunetik at geratu direla salatu du Zarauzko Bilgune Feministak. "Gure ondorengoak hazi eta hezi ditugu urte luzez, gure aurrekoak goxo zaindu eta euren bizitzen azken urteetan, lapiko artean ordu ugari igaro, ezkaratze eta geure zein besteen etxeak garbitu... Baina badirudi lan horiek guztiek ez dutela balio; ez behintzat, gure pentsioa kalkulatzeko", zehaztu dute.

Seinalatu dute asko direla bizitzeko aski ez duten emakumeak*: "bakarrik bizi eta zaintzarako baliabiderik ez dutenak, negu gordinean berogailua jarri ezinda dabiltzanak, oinarrizko sendagaiak eskuratzeko zailtasunak dituztenak...". Hori "iraultzeko" lanean dihardute pentsionisten plataformak eta mugimendu feministak. "Euskal pentsio sistema propio eta justua" da beraien xedea; "denon bizitzak erdigunean izango dituena; bizitza lan eta pentsio duina ardatz izango dituena, hain zuzen ere".

Amaitzeko, herritar oro deitu dute datorren larunbatean, hilaren 5ean, pentsiodunek deitutako mobilizazioarekin bat egitera. 12:00etan bilduko dira, Lege Zaharren enparantzan.

Erlazionatuak