Senior mailako nazioarteko txapelketa jokatuko du larunbatean Diana Lopez judokak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 2a, 10:23

Osasun egoerak eragindako neurri zorrotzak tarteko, zaila izan da entrenatzea Lopezentzat. Hala ere, gogotsu joango da Madrilera, dominaren bat lortzeko borrokatzera.

Judo Klub Lizardiko Diana Lopez kirolariak senior mailako nazioarteko judo txapelketan hartuko du parte larunbat honetan. Euskal selekzioarekin joango da Madrilera ostiralean, Marriot Auditorium hotelera; bertan jokatuko da txapelketa. 

Lopezek 70 kiloz azpiko kategorian hartuko du parte, eta bera eta beste hamabost judoka ariko dira maila horretan domina lortzeko lehian. Osasun egoera tarteko, elkarteak jakinarazi du ez dela erraza izan entrenatzea, eta hiru aldiz konfinatuta egon behar izan duela 23 urteko judoka gazteak. Oztopoak oztopo, "gogotsu eta sasoian" joango da Lopez Madrilera.