"Aplikazio asko doan dira, gure datuekin ordaintzen ditugulako"

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 2a, 19:00
Urko Zurutuza

ZarautzOn elkartearen eskutik, hitzaldia eman zuen asteartean Mondragon Unibertsitateko Urko Zurutuza irakasleak (Donostia, 1976) COVID-19a kontrolatzeko aplikazioez, zibersegurtasunaz eta datuen analisiaz, besteak beste. Informatikan doktore eta unibertsitate horretako zibersegurtasun arduraduna da.

Arakatzeko app-ak versus pribatutasuna izeneko hitzaldia eskaini duzu. Datuen analisia eta zibersegurtasuna bezalako kontzeptuak estuki lotuta daude gai horri. Nola definituko zenituzke zeuk bi kontzeptuok? 
Galdera zabala da oso. Datuen analisien barruan gauza asko daude, baina gu asko zentratzen gara adimen artifizialak ematen duenean. Milioika datu sortzen da egunero: bai gizartean bertan, erabiltzen ditugunean sare sozialak, adibidez, edo beste edozer egiten dugunean; bai industrian, ekoizten duten makinek, horiei sentsoreak jartzen zaizkielako eta datuak sortzen dituztelako. Makinen kasuan, guk nahi dugu jakin makina horiek ekoizpen prozesuan nola jokatu duten, zer bariablerekin ekoiztu den pieza bat, eta akatsa egon bada, zergatik izan daitekeen, etab. Galdera horiek erantzuteko analisia egiten da.

Gizartea eta sare sozialak ere aipatu dituzu.
Sare sozialetako datuak, erosketetakoak, bankukoak... Halako datuak ere asko analizatzen dira, gu, erabiltzeaileok, hobeto ezagutzeko. Aplikazio asko doan dira; ez dugu diruz ordaintzen, gure datuekin baizik. Analisia dator datu horiek hartu, galdera bat egin, eta horri erantzuna emateko. Batzuetan patroi batzuk agertzen diren ikusteko, horren arabera jakiteko biharamunean nolakoak izango diren gauzak, estatistikak ematen digulako nola eboluzionatzen duten patroi horiek, eta beraz, matematikoki jakin dezakegu etorkizunean nola izango diren gauzak.

Zibersegurtasunaz zer azpimarratuko zenuke?
Gai hori ere oso zabala da. Guk bermatu nahi dugu ziber espazio batean, Interneten gehienbat eta komunikazioa dagoen espazioetan, hainbat propietate bermatzea, hiru bereziki: bat da konfidentzialtasuna, hau da, informazioa jaso dezatela soilik onartuta dauden erabiltzaileek; bestea da disponibilitatearena, hau da, informazioa eman behar denean disponible egotea bermatzea; eta hirugarrena, osotasuna. Hau da, informazioa bere osotasunean ematea edo bidaltzea komunikazio horietan guztietan, eta aldaketarik ez dela egon bermatzea. Hiru propietate horiek osatzen dute segurtasunaren definizioa, eta hor barruan, noski, sartzen da pribatutasuna. 

Pribatutasuna izan duzu hizpide hitzaldian ere. Zer ideia nagusi nahi izan dituzu azpimarratu?
Datuen analisia egiten dugunean, eta datu horiek pertsonenak direnean, oso momentu sensible batean sartzen gara, eta pertsonen datuak analizatzea gaur egun ez da ez etikoa, ez legala, pertsonen baimenik ez dagoen bitartean. Orain asko lantzen dira pribatutasuna mantentzen eta bermatzen duten analisirako teknikak, baina asko oraindik ikerketa mailan daude. Zer gertatu da? COVID-a iritsi zela eta denak lanean hasi zirela horri aurre egiteko, eta teknologiaren munduan eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren (IKT) munduan hainbat iniziatiba sortu zirela, koronabirusaz kutsatutakoekin harremanetan izan zirenak arakatzeko aukera egon zedin. Harremanen trazabilitatea egiteko lokalizazioa behar da, eta lokalizazio hori jakiteko, aukeretako bat da gure dispositiboa hiru antenatara konektatzea, eta bakoitzaren intentsitatea hartuta, triangelatzea, jakiteko pertsona hori edo mugikor hori zer gunetan dagoen. Herrialderen bat hasi zen hori aplikatuta lanketa egiten.

GPSa ere hor dago.
Hori da. GPSa dispositibo guztiek dute, eta horren bitartez ikus daiteke zein egon diren gertu, eta erlazionatu daitezke positibo bat dagoenean, harekin gertu egon direnak. Baina batean zein bestean, behar da datu horiek guztiak hartzeko sistema bat,  zer mugikor non egon den jakiteko, eta datuok gorde egin behar ditu. Eta hor sartzen da pribatutasunaren falta handi-handi hori. Bada, lokalizazio bidezko sistemak sortu ziren eta badaude Asian, Austrian, Txipren, Bulgarian, Ghanan, Iranen... Gero, mugimendu paneuropar bat egon zen, pribatutasuna mantentzeko sistemak garatzeko helburuarekin. Hemen akademiko asko hasi ziren, eta sistemak pribatutasuna mantentzen du, gehienbat bluetooth erabilita, ez GPSa. Aplikazio edo mobil bakoitzak gorde ditzake bluetooth bidez harremanetan egon den beste bluetooth gailuak, eta hor ez dugu jakiten nor den pertsona, kode bat baizik, gailu horri dagokiona. Ordea, apirilean presa zegoen, eta aukeratu zuten sistema bat zentralizatua. Hau da, gobernuetan jarri zerbitzari batzuk, eta zerbitzari horiei informazioa bidali estatistikak kaleratzeko etab. Eta hor, ikerlari eta akademiko asko konturatu ziren horrek pribatutasuna ez zuela guztiz bermatzen. 

Alternatiba bat sortu zen.
Bai, sistema bat garatu nahi zen ez zentralizatua, eta gobernuei informazio gutxiago emango ziena. Eta garatu zen sistema bat D3PT. Bi sistemek dute software askea, baina bestea zentralizatuagoa da. Herrialde bakoitzak aukeratu zuen zein erabili. Maiatzaren erdialdean, Google-k eta Apple-k beren sistema eragileak aldatu zituzten, eta posible egin zuten aplikazioek, sistema eragilea erabilita, bluetootheko partekatze hori ahalbidetzea. Hala, gobernuak hasi ziren beren aplikazioak garatzen hau guztia erabilita.

Radar Covid iritsi zen gero, Espainiako Gobernuarena.
Aipatutako aplikazioak maiatzaren 20rako erabilgarri zeuden, eta handik hilabetera Espainiako Gobernuak enpresa bat kontratatu zuen aplikazio bat garatzeko. Ekainaren amaieran jarri zen Radar Covid, aurrena, Google Play-n, baina inork ez zuen ezagutzen azpiko kodea. Kanarietan egin zen proba pilotua, eta uztail amaieran hasi zen hedatzen autonomia erkidegoetara. Hilabete hori pasa ondoren, oraindik inork ez zekien sistema horrek zer egiten zuen, eta hor sortu ziren pribatutasunari lotutako galdera asko. Aplikazioak zer bermatzen zuen eta zer ez? Horregatik, 300 akademiko inguruk manifestu bat sinatu genuen, eskatuz erakunde publikoek egiten dituzten software garapen hauek gardentasuna eduki behar dutela. Diru publikoarekin egiten dira, eta batzuetan datu pribatuak erabiltzen dituzte, eta beraz, gardentasuna behar-beharrezkoa da.

Manifestuak eduki zuen bere eragina.
Bai. Irail hasieran sinatu zen, eta egia da hortik astebetera guk nahi genuen informazioa publiko egin zutela. Hala ere, hasierako aplikazioa eta ondoren ikusten utzi zutena ez ziren berdin-berdinak. Gauza bat publiko egiten denean, zientzialariek jakin nahi dutena da zein den trazabilitatea: hau da, nola hasi zen eta nola bilakatu den gaur egun dagoena izatera iritsi arte. Baina egin zutena da momentuko argazki bat atera, eta ez dakigu atzetik zer zegoen. Gauza asko daude: aplikazioa azkar eta korrika prestatu zuen enpresak, dirutza irabazi zuen, denbora asko egon da aplikazioa kodeak publiko egin gabe... Eta despliegea egin denerako ere, agian berandu izan da, bigarren olatua iritsia zelako gurera. Esan behar da, bestetik, pribatutasuna bermatzen duela Radar Covid aplikazioak.

Nola doa hedapena? Zeren norberak jaitsi behar du aplikazioa, ezta?
Aurreko astean atera ziren datuek diote hedapena nahikoa ahula dela. Norberak jaitsi behar du, bai, Androidekoa bada Google Play-ean eta Apple-ekoa bada, Apple Store-an. Bide batez, aipatu behar da momentu batean egin zela ariketa bat, non bi egunez gure datuak automatikoki jaso eta analizatu zituzten. Ez da film bat, atzetik  Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak zeuden, eta erabilpenak asko dira... Zertarako? Ideiarik ez. Zer garatu zen? Ezta ere. Gardentasunik ez dago, eta beldurtu beharrekoa edo, gutxienez, kezkatu beharrekoa da.

Gizarte bezala, badugu kontzientziarik gure datuak babestearen garrantziaz?
Europa mailan, esaterako, daukagun legeak garrantzia handia ematen dio erabiltzaileak bere datu pertsonalak mantentzeari. Legeak behartuta, aplikazioak galdetu behar digu ea baimentzen diogun gure datu batzuk jasotzea, eta orain web berri batera sartzen garen bakoitzean onartu behar ditugu cookie-ak deitzen diren horiek. Kontua da testu horiek oso modu ulergaitzean daudela idatzita, eta ez dugula tutik ere ulertzen. Nekeagatik eta uste dugulako ez dela horrenbesterako izango, onartu egiten ditugu, eta denak onartzen ditugu. Nik uste dut badagoela beharrizan bat, testu legal horiek guk ulertzeko moduan jartzeko. Zulo handia dago hor. Geuk ematen ditugu baimenak, baina askotan, ez ditugulako testu legalak ulertzen. Gako garrantzitsua dago hor. 

Momentu honetan, eta mundu mailan, non ikusten duzu dagoela erronka?
Gehienbat adimen artifizialean egiten ari den lanen barruan, erronka oso polita dago eta dator, konfiantzazko adimen artifizialaren arloan. Nola bermatu datuen analisia egitea, baina datuak guztiz pribatuak izanda? Arraroa dirudi, baina posible da, adibidez kriptografia erabilita, datu zifratuak analizatzea eta horien portaerak hartzea, benetako datuak jakin gabe. Eta hor dago orain ikerketan mugimendu indartsu bat, pribatutasuna bermatzen duen adimen artifiziala , eta hor sartzen da adimen artifizial arduratsua, etika... Gure ikerketa taldea ere hortxe dabil, mugimenduak egiten.