Lorea Perezek irabazi du Euskararen Eguneko pegatina lehiaketa

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 2a, 18:50

Bideo lehiaketan Lizardi Institutuko Naiara Lopetegik, Garazi Aranbarrik, Irati Eizagirrek, Naiara Larrinagak eta Ane Sobrinok aurkeztu dute lanik onena epaimahaiaren iritziz. Irabazleek euskarazko kultura produktuak erosteko txartelak eskuratuko dituzte.

Euskararen Egunaren harira, urtero antolatzen dute pegatina eta bideo lehiaketa herriko ikastetxeek eta udalak. Aurtengoan, pegatina lehiaketan DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleek hartu dute parte, eta hirugarren eta laugarren mailakoek nahiz Batxillergo eta Lanbide Heziketakoek, bideo lehiaketan. 

Lorea Perezek irabazi du pegatina lehiaketa. Epaimahaiak baloratu ditu "euskararen gaia gaur egungo egoerara lotzeko erakutsi duen irudimena eta egokitasuna". Perezek pegatinarako aukeratu duen leloa honako hau da: Zailtasunak zailtasun, euskara maitatu. Bigarren saria Naroa Bordagaraik irabazi du, eta hirugarrena Ane San Julianek.

Bideo lehiaketari dagokionez, Euskaraldia gaitzat hartuta aurkeztu behar zituzten lanak parte hartzaileek. Lehen saria irabazi dute Lizardi Institutuko Naiara Lopetegi, Garazi Aranbarri, Irati Eizagirre, Naiara Larrinaga eta Ane Sobrinok. Arlo honetan epaimahaiak kontuan hartu du aurkeztutako lana gaiari lotu izana, ikasleen sormena, egindako lana, bideoaren originaltasuna eta kalitate teknikoa. Bigarren saria La Salle ikastetxeko Beñat Aldama, Maialen Beistegi, Irene Erauskin, Lide Etxeberria, Joseba Larrañaga, Allende Lertxundi, Jon Muñoz-Baroja, Maite Rodriguez-Anabitarte, Libe Ulacia eta Alex Aginagarentzat izan da. Hirugarren saria, berriz, Antoniano ikastetxeko Ekialde taldeak eskuratu du.

Irabazleei euskarazko kultura produktuak erosteko txartelak emango zaizkie, "gaztetxoen artean euskal kulturaren kontsumoa sustatzeko" helburuarekin.

Euskararen Egunari lotuta, kultura

Aurtengoan, Abenduaren 3a ospatzeko ekitaldi gehienak ikastetxeetara bideratuta antolatu ditu Zarauzko Udalak. Urteroko moduan ikasleak aretoetara eraman beharrean, jarduerak ikastetxeetara eraman dituzte: Apaxi ipuin kontalariak emanaldiak eskaini zituen DBHko ikasleentzat, Di Dau Antzerki Faktoriak LHko ikasleentzat, eta Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak Baga Biga Higa emanaldia eskaini zuten Batxillergoko ikasleentzat. Bestalde, arnasguneei buruzko tailerrak eta soziolinguistika ikastaroak ere antolatu dituzte. 

Dagoeneko egin diren saioez gain, Xabier Lete ardatz izango duten bi saio egingo dituzte datozen egunetan. Bihar Alex Gurrutxagak hitzaldia emango du bere liburua ardatz hartuta: Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria. Ostiralean, berriz, duela hamar urte zendu zen musikariaren omenezko Loreak eta zauriak emanaldia izango da (sarrerak agortuta daude dagoeneko).