Gazteak ginen orduan...

Hainbat egile 2020ko abe. 3a, 10:30

Duela 50 urte hasi zen Burgosko Prozesua, frankismoaren azkeneko urteetan. Auzitegi militar batek ETAko hamasei kide epaitu zituen Burgosen 1970ean, tartean, Arantxa Arruti zarauztarra, eta heriotza zigorra ezarri zien gerra-kontseiluak haietako seiri. Frankismo garaiko mobilizazio eta greba jendetsuenak piztu zituen epaiketak, baita Zarautzen ere. 50. urteurrenean, ondoko gutuna idatzi dute hainbat zarauztarrek.

Gazteak ginen Burgosko epaiketaren garaian. Zarauztarrok oso hurbiletik bizi izan genuen garai hura, Arantxa Arruti herrikidea epaituetako bat baitzen. Santa Ana ikastetxean frantseseko klaseak ematen zituen, eta atxilotu zutenean torturatu egin zuten.

Baina batez ere gogoratzen dugu gertaera haiek itxaropen handi bat sortu zutela gure bihotzetan. "Euskal Herria ez dago bakarrik, munduan milioika pertsonak bat egin dute gure askatasun aldarrikapenarekin", "posible da frankismoari, diktadurari aurre egitea", pentsamendu horiek nagusitu ziren zarauztar askoren buruan.

Epaiketa hark ondorio handiak izan zituen Euskal Herrian. Zarauzko kaleak ere jendez bete ziren egun haietan. Lantoki eta dendetan erabateko grebak egin ziren. Guretzat ikaragarria izan zen ikustea mobilizazio hori guztia, inoiz Euskal Herrian izan diren handienetakoa. Eta Europan eta munduan zehar ere protesta handiak egin ziren. 1970eko abenduan gertatu zen guztia, Franco hil baino bost urte lehenago.

Presioek, etengabeko mobilizazioek lortu zuten heriotza zigorrak espetxe-urte luzeekin trukatzea eta hori lorpen handia izan zen mugimendu herritarrarentzat.

Garai hartan, Zarautzen, nahiko antolatuta zegoen herri mugimendua, eta Musika Plazan egiten ziren batzarrek garrantzia berezia zuten. Bertan antolatzen ziren protestak, kartelak jartzea, elkarretaratzeak eta grebak. Protesten emaitzak ere bertan aztertzen ziren. Burgosko prozesuak bultzada handia eman zion batzar bidezko behetik gorako antolamendu horri. Aldarrikapen nazionalak eta langileen aldeko borrokek bat egin zuten garai hartan, gazte askoren buruetan zalantza asko sortzen zuen gaia zen: nola uztartu borroka nazionala eta klase borroka.

Egun haietan zarauztar askok bizi izan genituen beldurrak eta pozak, gau ilun bihurtu ziren bost urte geroago, gure herritar bat fusilatu zuten irail beltz eta madarikatu hartako goizaldean.

Bizitzan zehar egin ditugun aukera politikoez damutzeko eskatzen digute zenbaitek, baina, iragan urteei begiratuta, gure hautuak zintzoak izan zirela pentsatzen dugu. Gure argi eta itzalekin, noski. Guztiak bizi dira gure baitan. Urte hauetan hil zaizkigun orduko borrokalari lagun asko bezala.

Oraindik ere adorearekin sentitzen gara Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde jarraitzeko. Orain feminismoaren aldarrikapenarekin bat eginda. Ama lurraren egoerarekin jabetuago. Munduan ugaritu diren jauntxoen aurkako borrokan bat eginda herri eta pertsona baztertu guztiekin, Jule Goikoetxearen hitzetan, oraindik "egiak boteredunek ematen dioten itxura duelako". Orduan bezala.

 

* Sinatzaileak:

Miren Osa Etxeberria, Jose Miguel Gastañares Oñate, Arantxa Ohiartzabal Idiakez, Josu Txapartegi Aramendi, Pili Haranburu Quiñones, Ankelo Usobiaga Larrañaga, Fermin Gurrutxaga Etxeberria, Marije Ostolaza Yabar, Jone Olaizola Etxabe, Begoña Arrizabalaga Madariaga, Maite Garate Moral, Gema Zumeta Iraolagoitia, Marije Zumeta Iraolagoitia, Antonio Sanchez Murillo, Joxe Mari Illarramendi Uzkudun, Patxi Acedo Asuncion