Kolektibo ugarik egin dute bat pentsiodunek larunbaterako antolatu duten manifestazioarekin

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 3a, 11:19

Zarauzko pentsiodunen mugimenduak mobilizatzera deitu du larunbaterako, 11 eskakizun zehatz aldarri hartuta. Zarauzko hainbat kolektibok adierazi diete haien babesa pentsiodunei eta haiek egindako deialdiari.

Larunbatean, abenduaren 5ean, pentsiodunek manifestazioa egingo dute Zarautzen ere, 12:00etan Lege Zaharren Enparantzatik hasita. Espainiako Diputatuen Kongresuak azaroaren 19an onartu zituen Toledoko Itunak pentsioei dagokienez egindako gomendio berriak, eta erabaki hori salatzeaz gain, 11 eskaera zehatz aurkeztu ditu pentsiodunen mugimenduak. Aldarri horiek kaleratuko dituzte larunbatean, mobilizazio bidez.

Zarauzko hainbat kolektibok eta eragilek egin dute bat pentsiodunen deialdiarekin, eta manifestazioan parte hartzera dei egin dute haiek ere. Besteak beste, ondoko kolektiboek adierazi diote babesa pentsiodunen mugimenduari: Santa Ana egoitzako langileak, Eguneko Zentroko langileak, Zurekin elkarteko tabernariak, Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Plataforma, Duintasuna Jubilatuen Elkartea, Zarauzko anbulatorioa, ELA sindikatua, LAB sindikatua, Bilgune Feminista, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS), Ikasle Abertzaleak, EH Bildu, Sortu, Ernai eta Ikama.

Erlazionatuak