Herri Eskolak antolatu ditu IAk igande honetarako

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 4a, 10:15

Espainiako Konstituzio Egunean "ospatzeko ezer" ez dutela adierazi dute Ikasle Abertzaleek, eta goiz osorako egitaraua prestatu dute iganderako. Kontrol sozialak hezkuntzan betetzen duen funtzioaren inguruko hitzaldia eta gai horri lotutako tailerra egingo dituzte Putzuzulo gaztetxean.

Urola Kostako Ikasle Abertzaleek Herri Eskolak prestatu dituzte datorren iganderako, abenduak 6. Espainiako Konstituzio Egunean "ospatzeko ezer" ez dutela azaldu dute IAko kideek, eta horren ordez, hausnarketarako eta formakuntzarako baliatu nahi dute egun hori. Goiz osorako egitaraua prestatu dute Zarauzko ikasleriari zuzenduta, eta Putzuzulo gaztetxean izango dira saio guztiak.

Igande honetako Herri Eskoletan kontrol soziala izango dute aztergai ikasleek. Kontrolak haiengan duen eraginaren eta hezkuntzan betetzen duen funtzioaren inguruan ariko dira, hitzaldi baten bidez lehenengo, eta tailer baten bidez gero. Hain zuzen, 10:30ean emango diote hasiera hitzaldiari (Kontrol soziala hezkuntzan) eta hamaiketakoa egin ostean, gai horri buruzko tailerra egingo dute.