Zabalik dago ostalaritza eta merkataritza negozioek diru-laguntzak eskatzeko epea

Udan ostalaritza eta merkataritza lokalei hainbat diru-laguntza ematea onartu zuen udalak, baina onetsitako zenbatekotik 783.095,10 euro banatzeke ditu oraindik. Hala, abenduaren 18ra bitartean, laguntzak jasotzeko eskaerak egin ahal izango dira.

Zarauzko Udalak udan eman zuen ontzat diruz laguntzea herriko ostalaritza eta merkataritza negozioak. Guztira 230.000 euro inguru jaso zituzten 230 establezimenduk, baina laguntzetan emateko onartutako zenbatekotik, oraindik banatzeke daude 783.095,10 euro. Hortaz, diru-laguntzak eskatzeko epea ireki dute orain, eta herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduek abenduaren 18ra bitartean aurkeztu beharko dituzte eskakizunak.

Negozioek bete beharreko baldintzen artean daude egoitza Zarautzen edukitzea, "derrigorrezko itxierak eta COVID-19 egoerak eragin" izana, nahiz "azaroaren 6tik aurrera diru-sarrerak %40 baino gehiago murriztu" izana. Dena den, udalaren arabera, "ez da langile kopuruan mugarik egongo laguntza jaso ahal izateko". Eskaerak egiteko agirien artean txertatu du udalak "zinpeko deklarazio bat", eta horren bidez, baldintzak betetzen dituztela adieraziko dute laguntza eskatzen ari direnek. "Udalak, ondoren, informazioa eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezko egiaztapenak egiteko", dio udalak.

Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) eman beharko da izena, aurrez aurre bertaratuta, posta elektronikoz (haz@zarautz.eus). Astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:00etara egoten da zabalik HAZ, eta ostegunetan, baita 17:00etatik 19:00etara ere. Dena den, izapideekin zalantzak izanez gero, Turismo Bulegoko teknikariengana jo daiteke.

Aldaketa hobarian

Bestalde, udalak jakinarazi duenez, abenduko ohiko osoko bilkuran aldaketa bat egingo dute aurtengo Ordenantza Fiskaletan. Horren bidez, aurrerantzean, "%100eko aparteko hobaria aplikatuko zaie eragindako sektoreei, hiru tasaren zenbatekoaren gainean".

Batetik, terrazei lotutako tasari dagokionez, %100eko aparteko hobaria ezarriko zaio bigarren denboraldiari (aurtengo azarotik hurrengo martxora arte) dagokion kostuan. Tasa ordaindu duten negozioei, beraz, zenbatekoa itzuliko zaie. Bestetik, aparkaleku erreserbarengatik negozioek ordaintzen duten tasari ere %100eko hobaria aplikatuko zaio, bai eta pasabide lizentziarengatik kobratzen den zenbatekoari ere; azkeneko horren kasuan, "tasaren subjektu pasiboa EJSNren honako epigraferen batean sartuta dagoenean: 5510, 5520, 5530, 5590, 5610, 5629 edo 5630". "Udalak itzuli egingo die bi tasa horiengatik 2020. urtean ordaindutako zenbateko osoa", azaldu du udalak.