Zarauzko Udalak prozesu parte hartzailea jarri du martxan aurten ere, udal aurrekontuak osatzeko herritarren iritzia eta proposamenak jasotzeko helburuarekin. Beste urteetan herritarrekin bilerak egin izan dituzte udal ordezkariek auzoetan nahiz erdigunean, baina aurten, pandemiaren eraginez, beste sistema bat erabili dute. Izan ere, herriko zortzi auzo eta gunetan postontziak jarri dituzte. Horrez gain, iritzia online emateko aukera ere badago.
Azaroaren 27an zabaldu zen parte hartzeko epea, eta bihar, abenduak 10, amaituko da. Hiru bide dituzte herritarrek parte hartzeko: idatzia postontzietan uztea da aukeretako bat–Vista Alegre auzo elkartean, udaletxearen eraikin zaharrean nahiz berrian (Etxezabala), Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean–, bestea udalaren webgunetik egitea ekarpena –zarautz.eus–, eta azkenik, proposamenak partehartu@zarautz.eus korreo elektronikora bidaltzea.
Parte hartzeko baldintza bakarra herrian erroldatuta egotea da.