Dandak jardunaldiak antolatu ditu datozen bi larunbatetarako, 'Antolakuntza, zilegia eta beharrezkoa' izenpean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 14a, 09:42
'Musika eta politika' mahai-ingurua antolatu zuen Dandak udan.

Asanbladako kideek bi hitzaldi prestatu dituzte hurrengo bi asteburuetarako; "gazteen despolitizazioa eta egungo testuingurua" landuko dituzte batean, eta "okupazioaren aurkako ofentsiba" izango dute aztergai bestean. Antolakuntza, zilegia eta beharrezkoa kanpainaren barruan egingo dituzte jardunaldiok.

Danda Gazte Asanbladak azaroan atera zuen argitara kanpaina berri bat, Antolakuntza, zilegia eta beharrezkoa izenpean. Uneko egoera izan zuten hizpide Dandako kideek: "pandemiak areagotu egin du aurrez krisi kapitalistak zekarren bizi-baldintzen okertzea eta sostengaezin bihurtu etxe askotako egoera". Gainera, seinalatu zuten "oinarrizko eskubide batzuk ukatuak" izaten ari direla "osasun-irizpideen aitzakiapean", eta "elkartasun eta antolakuntza eza", hain zuzen, "norma bihurtzen ari direla gizartearen sektore zabalen eta etorkizuneko belaunaldien zentzu komunean".

Hala, "despolitizazio horri aurre eginez, herriko gazteria biltzen eta antolatzen jarraitzea ezinbestekotzat" jo zuten asanbladako kideek: "Antolakuntza zilegia bezain beharrezkoa da garai latz hauetan".

Bi hausnarketa saio

Kanpaina horren eskutik aurkeztu dute Dandako kideek abendurako prestatu duten egitaraua. Datozen bi larunbatetarako, abenduak 19 eta 26, antolatu dituzte saioak: larunbat honetan izango da Gazteon despolitizazioa, egungo testuinguru politikoa eta antolatzeko beharrezkotasuna hitzaldia, 17:00etan Putzuzulo gaztetxean. Besteak beste, hausnarketa egingo dute "gazteen gaineko iruditegiaren eta esku-hartze kulturalaren", "indibidualismoaren" nahiz "politikaren ulerkeraren eta politizazioaren" inguruan. Hitzaldiaren ostean, kantaldia izango da gaztetxean bertan.

Hurrengo larunbatean, aldiz, Okupazioaren kontrako ofentsiba izango dute aztergai Putzuzulon. "Krisi kapitalista bete-betean", "okupazioaren aurkako kriminalizazioa" eta "okupazioaren aurkako esku-hartze zuzena" areagotu egin direla azaldu dute, bai eta "neurri juridiko forman" ere. Hori guztia izango dute hizpide abenduaren 26an, 17:00etan hasita. Hitzaldiaren ostean, talo jana egingo dute.