Ez-Kopla Txapelketa egingo dute Putzuzulon ostiralean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 15a, 13:05
X. Kopla Txapelketa.

"Ez ohiko" kopla saioa antolatu dute aurten Koplazale Elkarteak eta Motxian Bertso Eskolak. Bost zarauztar ariko dira kantuan, baina ez da lehiarik izango. Ostegunean jarriko dituzte salgai sarrerak, Putzuzulo gaztetxean.

Urtea amaitzear da, eta "zailtasunak zailtasun, aurten ere zintzarri eta kanpai hotsak entzungo dira Putzuzulon". Koplazale Elkarteak eta Motxian Bertso Eskolak azaldu dutenez, "ez ohiko saioa" antolatu dute aurten: Ez-Kopla Txapelketa. Ostiral honetan, abenduak 18, izango da, "ez ohiko formatuan". Ez da faserik ez eta kanporatzerik izango; beraz, ez dira ohiko lehian ariko saioan parte hartuko duten bertsolariak.

Dena den, oraingoan ere "hainbat atal musikatu" osatuko dituzte musikari eta bertsolarien artean. Bost zarauztarrek josiko dute errimaz aurtengo saioa: Aimar Sorazuk, Aitor Urbietak, Iñigo Mantzizidor Mantxi-k, Oier Aizpuruak eta Uxue Alkortak. Gai-jartzaile lanetan, aldiz, Uxune Areizagak jardungo du.

19:00etan hasiko da ostiraleko Ez-Kopla txapelketa, baina ostegunean 19:00etan jarriko dituzte salgai sarrerak, Putzuzulon. Sei euroan erosi ahal izango da txartel bakoitza eta, gehienez, bi sarrera eskuratu ahal izango dira pertsonako. Antolatzaileek, bestalde, ohartarazi dute edukiera mugatua izango dela eta entzuleek eserita gozatu beharko dutela emanaldi musikatuaz.