"Nik ezin dut bezeroak sentitzen duena sentitu, berak eduki behar ditu oinetakoak eroso"

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 16a, 13:50
Kontxi Iribarrek jendearekiko hartu-emana botako du faltan denda itxitakoan (Onintza Lete Arrieta)

1972an zabaldu zituen ateak Azken Portuko Irazu Oinetakoak dendak. Kontxi Iribar Ikutzaren amaginarrebak, Dionisia Irazu Etxabek, jarri zuen denda, eta 80 urtera arte jarraitu zuen lanean. 2004an hartu zuen denda Iribarrek, eta orain erretiratzea erabaki du, 72 urterekin, "gustura" jarraituko zukeen arren.

Denbora da likidazioa jubilazioagatik dioten kartelak eskegita dituela Azken Portuko Irazu Oinetakoak zapata dendak. Kontxi Iribar Ikutzak (Usurbil, 1948) "gustura" jarraituko luke lanean 72 urte eduki arren. "Jendearekin hartu-emana daukat hemen eta asko gustatzen zait hori", esan du penaz. Ordea, ezin du denda zabalik eduki ordutegi normalarekin senarrarekin "sarri-sarri" joan behar duelako medikutara, "eta horrela zaila da negozio bat irekita mantentzea", azaldu du.

1972an zabaldu zituen ateak zapata dendak. Iribarren amaginarrebak jarri zuen negozioa, Dionisia Irazu Etxabek. "Bera jubilatu zenean koinatak jarraitu zuen dendarekin, baina 2004an nik hartu nuen. Gustura asko hartu ere, karameloentzako zotzak egiten aritu bainintzen 25 urtez lantegian!", esan du.

Hamasei urte daramatza dendan, eta moda aldatzen ikusi du. "Hasi nintzenean takoi fina eta mutur fina, zorrotza, zegoen modan. Orain, berriro saltzen ari naiz halakoak, baina hamar euroan ditudalako, eta kalitatezko zapatak dira, aizu". Mutur zorrotzen eta takoi finen ostean, txatoak sartu zirela esan du Iribarrek.

Denda zabaldu zuteneko marka berekin jarraitzen du lanean, ordea: Pitillo, Tolino, Kindle... "Kindle Zaragozakoa da, eta nagusia 20 urte ingururekin hasi zen motoz komertzial lanak egiten. 80 urte baino gehiago zituela ere honaino etortzen zen, gure dendara. 82 urterekin jubilatu egin zen, eta saldu egin zuen enpresa, seme-alabek ez baitzuten jarraitu nahi izan negozioan".

Behar bereziak dituzten bezeroentzat

Dendariak azaldu du "oinetako arazoak dituen jendea" izan dela batez ere bezero bere dendan. Batetik, plantilla ortopedikoak eduki izan ditu beti, baita horientzako moduko zapata eta botinak ere. Bestetik, neurri oso handiko oinetakoak ere edukitzen zituen dendan. "49 neurriaren bila gizaseme asko etorri izan zait beti Azpeiti aldetik. Oso kalitate onekoak ekartzen nituen. Gero, oinetakoen zola txarra egiten hasi ziren, eta horiek ekartzeari utzi behar izan nion. Oraintsu etorri da emakume bat, 43 neurriko zapataren bila. Gizonezkoena eraman du".

Espainian egindako oinetakoek fama ona dute, eta Iribarrek uste du kalitatezkoak direla, bai. "Konpontzailea behar bada, berriz, nik beti Martiarenarengana bidaltzen ditut, marabillak egiten dituelako".

"Ez da erraza asmatzea", aitortu du Iribarrek. "Neuk ezin dut bezeroak sentitzen duena sentitu, berak eduki behar ditu oinetakoak eroso. Zenbat sufritzeko prest dagoen norberak ikusi behar du". Aholkurik ematekotan, zera dio: "Oinetakoak, biak jantzi behar dira eroso dauzkagula ziurtatzeko. Zutik gaudela egin behar da proba, orduan luzatzen direlako hatzak. Umeekin horrela egitea inportantea da", azaldu du usurbildarrak.

Moda ez ezik, erosketa ohiturak ere aldatu dira azken bi hamarkadetan. Hasierakoak urte onak izan arren, 2009an salmentetan jaitsiera nabaritzen hasi ziren krisi ekonomikoagatik, eta azalera handiko dendek ere kalte egin diote zapata dendaren martxari. "Lehen umeentzako bizpahiru pare erosten zituen jendeak, eta igandeetarako oinetako hobeak hartzen zituzten, eta oso ondo joan zitzaigun bai orokorrean, bai umeen alorrean, baina krisiagatik hori aldatu egin zen, eta denda handietara ere asko hasi ziren joaten herritarrak". Horregatik, umeentzako oinetakoak kendu egin zituen dendatik.

Orain oinetakoak kendu nahian ari da, eta esan du herritarrak "oso ondo" erantzuten ari direla, "uste baino hobeto, oso eskertuta nago".

Alaba eta biloba joan zaizkio bisitan dendara. Ez du oinez ikasi txikiak, baina oinetako polit-politak ditu.