9.081.770 euroko aurrekontua onartu du mankomunitateak

Aste honetan izan da UKUEren Batzar Nagusia. Irudian, Lourdes Salsamendi lehendakaria. (Dorleta Agiriano Lai)

"Ingurumenari" dagokio 2021eko aurrekontuaren %70,9 eta Garapen Agentziari %21. Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek egin beharreko ekarpen ekonomikoa murriztea erabaki du mankomunitateak.

Asteazkenean izan zen Urola Kostako Udal Elkartearen Batzar Nagusia. Bertan izan ziren Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako hautetsiak, eta 2021eko mankomunitatearen aurrekontua izan zuten hizpide. EAJ eta Podemos-Equo Berdeak Zarautz alderdietako zinegotzi guztien eta PSE-EEko hiru zinegotziren (PSE-EEko zinegotzietako bat abstenitu egin zen) aldeko botoekin onartu zuten 9.081.770 euroko aurrekontua; EH Bilduko hautetsiek, ordea, aurka bozkatu zuten.

Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariaren esanetan, “hiru funts nagusi” izango dituzte hurrengo urteko aurrekontuek; hain zuzen, “ehun ekonomikoaren babesa eta enpleguaren sustapena, hondakinen kudeaketa egokia eta Urola Kostako etorkizuneko zimendu eta proiektuen garapena”.

“Ingurumenari” lotutako gastuek osatzen dute UKUEren aurrekontuaren %70,9; hondakinen bilketara, tratamendura eta zabortegiaren kudeaketa zerbitzuetara bideratuko dituzte 6.139.000 euro horiek.

“Hondakin bilketari dagokionez, birziklapen tasa areagotzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Salsamendik. Horri heldu asmoz, mankomunitateak jarraipena emango die “birziklapen-kontzientziazio kanpainei” eta martxan jarriko du “ostalaritzako eta merkataritzako bilketa-zerbitzua optimizatzeko kanpaina”. Bestalde, arropa eta olioa biltzeko edukiontziak “pixkanaka aldatuko” dituztela eta “hainbat puntutan edukiontzi gehiago jarriko” dituztela jakinarazi du oriotarrak.

Urola Kosta “jasangarria” lortzeko bidean, bestalde, Zarautzen egingo duten Garbigune berria “estrategikoa” dela dio.

Salbuespenekoa

Mankomunitateak Garapen Agentziara bideratuko ditu 1.914.202 euro, alegia, aurrekontuaren %21. Horren barruan, diru partida bat sortu du “COVID-19aren bilakaeraren aurrean, unean uneko neurriak hartzeko, azkartasunez eta eskualdeko sektore ekonomikoari egokituta”. Salsamendiren arabera, “jarraipena izango du martxotik UKUEk eskualdeko enpresak babesteko hartutako erabakiak”; hala nola, abian izan diren neurrien artean aipatu ditu “ehun ekonomikoa babesteko neurriak”, “sustapen kanpainen bultzada”, “inbertsio ororen mantenua” nahiz “2020an hondakin bilketa tasaren erdia kobratzea ostalariei”.

Udalen ekarpen ekonomikoa txikiagoa izatea ere erabaki du UKUEk, “diru gehiago izan dezaten herrian bertan babes-neurriak hartzeko”. Ia 40.000 euro zuzenduko dituzte horretara.

Bestalde, eskualdeak “COVID-19a gainditu eta normaltasun berri baten aurrean prest egon behar” duela iritzita, Garapen Agentziak 2021ean ere martxan izango ditu “garapen ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta talentua sustatzeko ekimenak”.

“Ingurumenarekin” eta Garapen Agentziarekin lotutako partidez gain, “turismo sektorearen sustapenera”, “euskara eta komunikazio arlora” eta “administrazio orokorreko zerbitzuetara” bideratuko dute aurrekontuaren gainontzeko zatia.

Esku artean dituztenak “salbuespenezko aurrekontuak” direla azpimarratu du Salsamendik, “COVID-19ari aurre egiteko neurriak hartzen baititu barne”. “Pandemia dela eta, sarrerak murriztu diren arren, inbertsio publikoa eskualdearen traktore izatea dugu jomuga, ingurune sozial zein ekonomikoa berreskuratu artean”, dio lehendakariak; izan ere, azaldu du helburua dela “COVID-19ak kendutakoa berreskuratzea”, “normaltasun egonkor batera iristen garenerako”.

EH Bilduren kritika

Iazko aurrekontuari “baiezko kritikoa” eman ostean, aurten ez dute EAJren proposamena babestu EH Bilduko hautetsiek. Horren arrazoiak dira, azaldu dutenez, aurrekontuaren “edukia” nahiz “horiek lantzerakoan eta urte osoan zehar izandako moduak”. EH Bilduk eskatu zuen, besteak beste, “euskara indartzeko, hondakinen hezitzaile taldea handitzeko, Urola Kostako itsas ondarea turismoan sustatzeko eta trantsizio energetikorako plan bat egiteko partidak gehitzea” aurrekontuan.

Legealdi honetako kudeaketa kritikatu du EH Bilduk; besteak beste, esan baitu “estatutuek agintzen duten bi hilean behineko zuzendaritza bilerak” ez direla egin, “tamalgarria dela herrietako hondakinen kudeaketa”, “elkarlan gogoa sumatu ere ez” dutela egiten eta “negargarria izaten ari dela COVID-19aren kudeaketa”.