"Oinarrizko arauak errespetatzera" dei egin diete herritarrei Zurekinek eta udalak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 18a, 12:22
Paxku Exposito, Ixidor LarraƱaga eta Julen Olazabal. (Zarauzko Udala)

"Guztiok erantzukizunez jokatzen ez badugu, datuek okerrera egin dezakete eta baliteke gure establezimenduak berriro itxi behar izatea", dio Zurekin Ostalarien Elkarteak. Aurrerantzean, kartel berde edo gorriak izango dira ostalaritza guneetako mahaietan.

Bost astez itxita izan ostean, Eusko Jaurlaritzak indarrean sartutako neurri berriekin, aurreko larunbatean ireki zituzten ateak herriko hainbat eta hainbat establezimenduk. Ia astebete igaro da ordutik, eta Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan, herritarrei "oinarrizko arauak betetzea" eskatzeko.

"Gure sektorearentzat oso pozgarria da berriro ere gure bezeroei arreta ematea, baina jakin badakigu egoera ez dela guztiz normalizatu. Guztiok erantzukizunez jokatzen ez badugu, datuek okerrera egin dezakete eta baliteke gure establezimenduak berriro itxi behar izatea", azaldu dute Zurekineko kideek. Hala, dei egin diete herritarrei indarrean dauden arauak betetzera; hala nola, musukoa erabiltzea, segurtasun-distantzia mantentzea, sei pertsona elkartzea gehienez edota eskuak garbitzea. Bestalde, ostalaritza langileei gogorarazi diete "mahaiak eta abarrak desinfektatu egin behar direla".

Zarauzko Udalak bat egin du Zurekinek abiatutako kanpainarekin. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak dio "ostalaritza sektorea bultzatzen jarraitzen" duela udalak eta "kanpaina hau oso beharrezkoa" dela "atzerapausorik eman behar ez izateko".

Kartelak establezimenduetan

Hainbat kartel banatu dituzte herriko ostalaritza guneetan, eta mahaietan egongo dira ikusgai aurrerantzean. Kartel berdeak adieraziko du mahaia desinfektatuta dagoela baina, kartela gorriz badago, desinfektatu arte itxaron beharko dute bezeroek.