Erretratoa izan da V. Ramon Serras argazki lehiaketako gai nagusia. Epaimahaiko kideak –Soraya Lopez, Jorge Murgiondo eta Imanol Manterola argazkilariak– hilaren 11n elkartu ziren aurtengo parte hartzaileek lehiaketara aurkeztutako lanak aztertzeko. Astebetera jakinarazi zuten ebazpena; hain zuzen, joan den ostiralean atera zituzten argitara aurtengo irabazleen izen-abizenak eta, ohi bezala, Euskalduna tabernan banatu zituzten sariak. Dena den, ez zen jendaurreko ekitaldia izan atzokoan.
Epaimahaiak hala erabakita, Javier Fernandez da aurtengo irabazle nagusia. Ballet argazkia aurkeztuta eskuratu du lehenengo saria, alegia, 600 euro eta trofeoa. Ispilutxo, ispilutxo izeneko argazkiarekin, Jon Atxutegirentzat izan da bigarren saria –300 euro eta trofeoa– eta hirugarren saria –200 euro eta trofeoa–, aldiz, Eva Francok irabazi du Changes lanari esker. Argizaiola lehiaketara gonbidatuko dituzte orain Fernandez, Atxutegi nahiz Franco.
Bestalde, aurreko edizioetan bezala, zarauztarren artean ere banatu zituzten sari bereziak. Gabriel Aymatek lortu zuen Zarauzko lanik onenaren saria Colour Fridayekin, eta Aitor Arruti izendatu zuten bigarren, Zure ezpainen itsasoa lanarengatik.