Gaur aurkeztu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak 2021ean Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak izango duen aurrekontua. Guztira, 654,1 milioi euroko aurrekontua izango du Sail horrek, iaz baino %9,4 gehiago. Tapiak azaldu du aurrekontuaren helburuak direla "jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera berreskuratzea" eta "Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko helburu argiarekin, gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik garapen ekonomiko iraunkorra bultzatzea".
Beste hainbat arloren artean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 32 milioi euroko partida bideratuko du Ura Uraren Euskal Agentziara, eta diru hori erabiliko dute "uretako ekosistemak saneatzeko, leheneratzeko eta babesteko, uholdeen aurreko hobekuntzarako eta ura hobeto kudeatzeko digitalizazio-prozesuetarako". 18,6 milioiko inbertsioa egingo dute uholdeen aurkako jarduketetan, eta iragarri dute hainbat herritan egingo dituztela eskuhartzeak; tartean, Zarautzen. Bengoetxe-plazakoetxean, Busturian, Gernikan, Laudion, Martutenen, Beasainen nahiz Hondarribian ere esku hartuko dute, besteak beste.
Bestalde, Tapiak jakinarazi du 32,2 milioi euro bideratuko dituztela Portu eta Arrantza Zuzendaritzetara, eta diru hori hainbat portu zein kofradia konpontzeko eta berritzeko erabiliko dute; hala nola, Getariakoa. Zehazki, aurreikusi dute 1.525.000 euro bideratuko dituztela bertako portuko babes dikea sendotzera.