Testuinguru berriak eraginda, udalak egunero dihardu kudeatzen "COVID19-aren pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta soziala". Jakinarazi berri dutenez, ordea, "Zarauzko etorkizunean aurrera egiteko" udal arlo berri bat sortuko duela iragarri du alkateak: proiektu estrategikoen eta berrikuntzaren arloa, hain zuzen ere.
Prentsa ohar bidez azaldu du udalak, gaur egungo egoeran "funtsezko garrantzia" dutela "udalerriko proiektu estrategikoen berrikuntzak eta zehaztapenak". Xabier Txurruka alkateak komenigarritzat jo du "eguneroko jarduerei ekiteaz harago, erronka berrietara egokitzea". Horretarako, azaldu du "antolaketa berregituratzeko neurriak hartu" behar direla, "etorkizuneko egoera berriei bermeekin erantzuteko".
Bestalde, alkateak oharrean jakitera eman du Iker Basurko de Miguel Garapen Iraunkorreko eta 2030 agendako zinegotzia arduratuko dela arlo berria kudeatzeaz. "Orain, inoiz baino gehiago, Zarautzek datozen hamarkadetan izango dituen estrategiak eta ikuspegiak finkatu behar ditugu", gaineratu du.
Oraingoz, udalak ez du eman arlo berriak izango dituen eginkizun zehatzen berri.