ZAEko arraunlari bat bota du olatuak Orioko barran

Intza Unanue 2020ko abe. 28a, 12:16
Orioko istripura gerturatu diren bi anbulantziak, Aitzondo parean (Intza Unanue)

Anbulantziak bertaratu dira, buruan kolpe handia hartu baitu lekukoen arabera. Haien esanetan, sei arraunlari korrika saioa egiten ari ziren kanpoko barrako goiko aldean, eta halako batean olatuak bat bota egin du beheragoko partera.

Itsasoa zakar dabil gaur, olatuak Orioko kanpoko barra pasatzen ari dira goiz partean, eta horietako batek pertsona bat barrako goiko partetik behekora bota du. 112 larrialdi zerbitzura deitu duen herritarrak hedabide honi kontatu dionez, sei arraunlari korrika saioa egiten ari ziren barran, eta une hartan ez zebilen olatu handirik. Ordea, halako batean, olatu bat atera da, eta arraunlarietako bat bota egin du beheko partera. Han min hartuta gelditu da, buruan kolpe handiarekin.

Anbulantzia, udaltzainak eta ertzainak bertaratu dira, eta anbulantzian dago min hartutako kirolaria. Herritarraren arabera, Zarautz Arraun Elkarteko arraunlaria da min hartu duena, baita beste bostak ere.

Hainbat minutuz anbulantzian eduki dute arraunlaria, Aitzondo parean, eta ondoren ospitalera eraman, han ebakuntza egiteko. Oraingoz ez dago haren osasun egoeraren berririk.