Gustura zen gaur eguerdian Zarauzko Sare artistek nahiz herritarrek emandako erantzunarekin. Batetik, 24 obra bildu dituzte horiek enkantean jartzeko, eta hala, dispertsioak eragiten dituen gastuetara bideratzeko lortutako dirua. Bestetik, herritarrak ari dira enkantean parte hartzen eta beren eskaintzak egiten.
Herriko artistak dira gehienak (Manu Urbieta, Gari Berasaluze, Jon Aranguren, Jurgi Olaizola...), baina inguruko herrietako batzuk ere animatu dira elkartasun ekintzan parte hartzera (Keixeta eta Ander Hormazuri zumaiarrak, esaterako).
10:00etan zabaldu ditu ateak arte erakusketak Zinema pilotalekuan, eta 18:00etan amaituko da erakusketa. Enkantea, berriz, ordubete lehenago, 17:00etan. Beraz, azken aukera dute herritarrek bertaratu eta obra berezi batekin etxeratzeko.
Erakusketa zuzeneko musika eta arte lanketarekin ari dira egiten, gainera, herriko artista batzuk.