Alerta laranja bai baina oraingoz elurrik ez Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 2a, 11:20
Pertsona bat, gaur goizean Iturriotzera bidean (Onintza Lete Arrieta)

Pagoetara jo beharko dute elurra nahi dutenek, kostan ez baitu elurtu. Dena den, 15:00etara arte alerta laranja dago ezarrita, eta hortik gauerdira bitartean, alerta horia. Ekaitza eta txingorra egin dezakeela esan dute.

Alerta laranja aktibatuta dago atzo gauetik, eta goiz osoan zehar mantenduko dute. Izan ere, tenperaturak baxuak dira; Gipuzkoan, 2 eta 5 gradu artean ibiliko dira gaur, eta goizaldean elurra bota du toki askotan. Goizean ere ari du, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera. Zarautzen eta kostaldean ez du zuritu, ordea. Elurra nahi dutenek Pagoeta aldera egin beharko dute gaurkoan.

Urola Kostari dagokionez, puntu altueneko errepide zati batzuk itxita zeuden goizean: Urraki, esaterako, itxita dago kamioi eta ibilgailu artikulatuentzat, eta autoek kateak behar dituzte zirkulatzeko. 

Beste puntu batzuetan arretaz gidatzea gomendatu dute: Orioko gainean (Zudugarai), Azkoitian Azkaraten, Mandubin.

Bestalde, oraingoz normaltasuna da nagusi Meagan, Elosuan eta Itziarren.

Atzo iluntzean gatza bota zuten errepide askotan, izotzagatik istripuak saihesteko.

Alertak, egun osoan

Elurragatik ezarritako alerta laranja 15:00ak arte egongo da indarrean. Elur -kota 200-400 metro artean egongo da, eta ekaitza eta txingorra bota ditzake. 15:00etatik gauerdira bitartean, berriz, abisu horia egongo da indarrean.