Hotz Zarautz elkartekoak gustura dira herritarren erantzunarekin

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 3a, 13:18

Urtarrilaren 5era arte edukiko dute denda zabalik Ipar kalean. Pandemiak eragindako ziurgabetasunagatik, aurreko urteetan baino material gutxiago jarri dute salgai. "Ez genekien denda zabaltzerik edukiko genuen ala ez, eta gauza gutxiago ekarri dugu badaezpada", azaldu dute elkarteko kide Gurutze Agirrek eta Josune Gorostidik.

Larruzko eta artilezko berokiak, umeentzako arropa, alfonbrak, oheburuak eta aulkiak... Denetarik aurkituko du aurten ere Hotz Zarautzen bigarren eskuko dendara gerturatzen denak. Azken egunak ditu zabalik, urtarrilaren 5era arte egongo baitira elkartekoak Ipar kaleko lokalean, baina oraindik badago zer ikusia eta zer erosia.

Beste urteetan askoz lokal handiagoan jarri izan dute denda errefuxiatuen aldeko elkartekoek, askoz material gehiagorekin. Pentsa, iaz 30.000 euro bildu zituzten dendarekin bakarrik. Aurten, COVID-19aren ondorioz, zalantzaz jositako hilabeteak izan dituzte, eta ez dira ausartu material asko biltzera. Lokal txikia jarri dute, baina salmenta "uste baino hobeto" doala azaldu dute gaur goizean dendaren ardura zuten Gurutze Agirre eta Josune Gorostidi Hotz Zarautzeko zuzendaritzako kideek.

Hasiera batean, berokiak bakarrik zituzten saltzeko, iaz Donostian itxi zuten denda batekoek emandakoak denak. 70 beroki inguru. "Gero, pixkanaka jendea etorri zaigu galdetuz ea hartuko genuen hau eta bestea, eta hartu egin ditugu pixkanaka". Esaterako, haurren arropa denda bateko jantziak, edo urtero herriko alfonbra denda batekoek emandako materiala. Hotz Zarautzen kirol-jertseak ere salgai daude 10 euroan.

Herrikoak nagusi aurten

Aurten bezero gehienak zarauztarrak ari dira izaten, baina beste urteetan kanpotik ere etortzen zaizkie. "Altzariak eta edukitzen ditugunez, jendea Frantziatik ere etortzen da. Aurten herrikoak bakarrik dabiltza, asko urtero etortzen direnak dira, eta bateren batek esan digu jantzita zeramatzan oinetakoak iaz geuri erositakoak zirela", kontatu dute bitxikeria gisa.

Bigarren eskuko dendaren inguruan jende asko mugitzen dela azaldu dute Agirrek eta Gorostidik. "Deialdia egiten badugu, jendea etortzen da laguntzera. Aurten, formatu txikiagoa aukeratu behar izan dugunez, gutxiagorekin moldatu gara; asteburuetan juntakoak gabiltza, eta astegunetan lauzpabost emakume arduratzen dira guztiaz".

Laguntzeko beste bi modu ere bai

Azokan zerbait erosteaz gain, herritarrek beste bi modutara ere lagundu ahalko diote elkarteari. Batetik, etxean egon daitezkeen pesetak emanda.  "Espainiako Bankuan pesetak eurotara alda daitezke –txanponak nahiz billeteak– 2021eko ekainaren 30a baino lehen. Pesetak dohaintza moduan eman nahi badituzte herritarrek, dendan jasoko ditugu, pertsona errefuxiatuak laguntzeko proiektuetara bideratzeko", azaldu dute.

Bestetik, dohaintzak Nafarroako Rural Kutxan ere egin ditzakete herritarrek. Honakoa da Hotz-Zarautzen kontu korronte zenbakia: ES73 3008 0181 3437 9030 5027.