Udaletxe aurretik irten, Azken Portura joan, handik Ertzainetako parean errepide nagusira atera, Parrokiaraino segi, eta berriz udaletxe aurrera egiten du ibilbidea Txu-txu trenak. Doan da, "Gabonetan beti hala izaten da", azaldu du gidariak. Ilara zegoen trenera igotzeko gaur 11:30ean. Orduan hasi da zerbitzua, eta 13:30ean amaitu goizeko partea. Arratsaldean, 16:30etik 19:30era ibiliko da herrian batera eta bestera.
"Jende dezente dabil, eta pandemiagatik eserleku erdiak bakarrik bete daitezkeenez, ilaran itxaron behar", esan du trenaren gidariak. Berez 72 eserleku ditu, baina erdiak hutsik utzi behar izan dituzte. Sartzerako, berriz, gela ematen diete herritar guztiei. Umeekin gerturatu dira asko gaur goizean.
Astebururako antolatu du zerbitzua udalak, eta gaur amaituko da, beraz, trenean ibiltzeko aukera. 19:30ean trenera igo ezinik jende asko gelditzen al den galdetuta, txoferrak irribarre egin du: "20:00etan amaitu genuen atzo".