Bideoa: kostako Sarek urtarrilaren 9an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak

Mireia Galarza-Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 4a, 09:18

Agerraldi bateratua egin dute Zarauzko, Aiako, Getariako, Orioko eta Zumaiako kideek Musika Plazan, azaltzeko herri bakoitzean zer ekitaldi egingo den larunbat honetan euskal presoen eskubideen alde.

Azken urte mordoan Bilbon egin izan da manifestazio nazionala urtarrila iristearekin batera euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Aurtengoan, osasun krisia dela eta, Sarek aldatu egin du planteamendua. Ekitaldi bakarra beharrean, herriz herri ekitaldi txikiak egingo dituzte.

Ekitaldi horien berri emateko egin zuten agerraldia atzo Musika Plazan Zarauzko, Aiako, Getariako, Orioko eta Zumaiako kideek. Irati Txapartegi eta Haritz Labiano zarauztarrek irakurri zuten testua. "Mobilizazioak hainbat aldarri biltzen ditu, 2020an Izan Bidea dinamikan barnebildu direnak: euskal preso eta iheslarien etxerako bidea martxan jartzeko aldarria, eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea gauzatzen hastearen aldarria. Eta herriz herri egingo diren ekitaldietan ere aldarri horiekin bat egingo da".

Amaitu berri den urtea "gogorra" izan da COVID-19aren ondorioz herritarrek egunerokoan eduki dituzten muga eta lan guztiengatik, eta egoera hori "are gogorragoa" egin zaie preso eta senideei, Sarekoen esanetan: "Distantzia eta senideak ikusteko ezintasunei, pandemiak ekarritako muga are zorrotzagoek bereziki latza egin dute urtea. Aldaketa bat edo beste ere ekarri du 2020ak, ordea, nahikoa izan ez arren, aukera berri bat ahalbidetzera eraman gaituena. Frantziar zein espainiar estatuek hainbat mugimendu egin dituzte, urrunketaren distantziak laburtzen hasiz. Ez dute inolaz ere urrunketa politikaren amaiera ekarri, baina aukera berri bat ireki dute, eta guk aukera hori probestu nahi dugu".

Horretarako modua, ordea, "kaleak aktibo egitea da" Sareren ustez. "Herritarron gehiengoa etapa hau garaitu eta aurrera egiteko gogoz dagoela erakutsi behar da, ez baita aldaketarik sekula eman herritarren bultzadarik gabe".

Ekitaldiak herriz herri

Herri bakoitzeko ekitaldiaren lekuak eta orduak ere zehaztu zituzten:

  • Orio: 17:30ean manifestazioa eta mosaikoa plazan (Aiarrak Oriora joango dira)
  • Zarautz: 17:30ean malekoian, Daman, ekitaldia eta mosaikoa
  • Getaria: 17:30ean manifestazioa plazatik abiatuta
  • Zumaia: 13:00etan Itzurun hondartzan talde argazkia

Agerraldiaren ondoren auto karabana egin zuten herrian zehar hainbat ibilgailuk, urtarrilaren 9aren harira.