-1-
Kaltetuen kopuruak gora
eginaz uda garaian
Neurriak zorrozten joan ziren
Musukoak lehen mailan
Hau egoera
Dena gainbehera (bis)
-2-
Azken aldian guk musukoa
Beti daramakiguna
Ipini gabe ibiltzen denak
berehala du isuna
Lehen beharrik ez
gaur derrigorrez (bis)
-3-
Jende arteko urruntasuna
taldekide kopurua
Elkar musu eta besarkadak
saihestea helburua
Musuen ordez
ukondo bidez (bis)
-4-
Musukoa jarria izanik
estaliz erdi aurpegi
Ageri diran bakarrak dira
bi belarri ta bi begi
Ezezaguna
aurrez duguna (bis)
-5-
Era honetan ezagunari
adierazteko agurra
kopeta bidez izan daiteke
leuna edo zimurra
Alai, serio?
Itxurak dio (bis)
-6-
Belarri bidez agurtzea da
ezinezkoa benetan
Entzuteko prest egoten dira
geldirik jite horretan
Beraz hoiekin
Ezin da egin (bis)
-7-
Une hauetan erabilgarri
onenak begiak dira
Berak dituzten aniztasunak
jarri gaitezen begira
Zeinu ugari
diranez, adi (bis)
-8-
Bihurriak edo haserreak
Goxoak eta alaiak
Itxiak edo keinulariak
dira beren esanahiak
Ezaugarriak
zoragarriak (bis)