Tren geltoki berriko lanen lizitazio prozesua hasi du ETSk

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 5a, 10:23

2020a amaitu aurretik, abenduaren 30ean, jarri zuen martxan prozesua Eusko Trenbide Sareak, eta 32 hilabeteko epean exekutatuko dira lanak.

Abenduaren 30ean abiatu zuen Eusko Trenbide Sareak (ETS) Zarauzko tren geltoki berriko lanak lizitatzeko prozedura. 13 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta gehiena ETSk finantzatuko du: %66,7, zehazki. Gainerako %33,3 udalak finantzatuko du. Proiektua exekutatzeko epea, berriz, 32 hilabetekoa da, hau da,  bi urte eta bederatzi hilabetekoa.

Lanen barruan dago egungo geltokia eraistea, trazadura aldi baterako zuzentzea eta obrak egin bitartean zerbitzuarekin jarraitzeko behin-behineko geltoki bat eraikitzea. Terminal berriak 80 metroko luzera duten alboko nasak izango ditu, eta markesinek metalezko egitura eta beirak izango dituzte. "Proiektuaren helburua tren zerbitzua hobetzea da, eta baita Zarauzko hiriguneko trenbide trazaduraren iparraldearen eta hegoaldearen arteko hiri-iragazkortasuna ere". Horretarako, beheko pasabide bat eraikiko da terminal berriaren azpian.

Horrez gain, azpimarratu dute lanak amaitzean nasak eta atariko eremua modu seguruan eta irisgarrian lotuko direla.

Zarauzko Udalbatzak maiatzaren 14an telematikoki egindako udalbatzarrean onartu zuen Eusko Trenbide Sarearen eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, EAJEren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Podemos EQUO-Berdeak udal taldeak abstenitu egin ziren.