Azken egunetako koronabirus kasu berrien igoerak kezka piztu du Hego Euskal Herrian orokorrean, eta Zarautz ez da salbuespena. Eremu horian dago herria 100.000 biztanleko 265,56ko positibotasun tasarekin, eta bi kasu berri atzeman zituzten atzo. Herenegun eta horren aurreko egunean, berriz, hamarna izan ziren atzemandako kasu berriak. Gabon garaiaren hasieran beheranzko joera hartu zuten zenbakiek, baina urte berriko lehen astean kurbak gora egin du.
Eskualdeari erreparatuz gero, Zumaia dago egoera kezkagarrienean. Errege Egunaren bueltako datuak ikusi ondoren hala aurreratu zitekeen, eta hala gertatu da: eremu gorrira pasa da atzo beste sei positibo gehitu ondoren. Positiboen hazkunde handia izan da azken egunotan herri horretan –44 kasu azken zazpi egunetan–, eta, ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak 500eko langa igaro du: 539,33ko intzidentzia tasa du gaur egun Zumaiak, eta eremu gorrira pasa da.
Argi gorria piztu den herrietan neurriak hartu behar izan dituzte. Hala, pasa den urte amaieran Azpeitian eta Azkoitian gertatu izan zen bezala, ostalaritzako establezimenduek ateak itxi behar izan dituzte egoera hobetu arte. Eusko Jaurlaritzaren txostenak adieraziko du zer neurri hartu beharko diren Zumaian, eta noiz.
Zarautz eta Zumaiakoak barne, 21 izan ziren atzo eskualdean baieztatutako positiboak. Azkoitian lau positibo izan ziren, Azpeitian eta Aizarnazabalen hiruna; bi Orion eta bat Getarian. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zuten atzo kasurik izan.
Aizarnazabal ere albiste da. Atzo egin zuen Osakidetzak sei urtetik gorako herritarren baheketa, baina oraindik ez du Osakidetzak hango emaitzen irakurketarik egin. 5.000 biztanletik gorako herrietan Zumaia bakarrik dago eremu gorrian; Azkoitiak 183,59ko tasa du, Azpeitiak 348,23koa, Oriok 212koa eta Zarautzek 265,56koa.
Kezka Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian ere egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du. 717 kasu baieztatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun zerbitzuek. Araban 73 kasu izan ziren, 170 Gipuzkoan, 182 Nafarroan eta 283 Bizkaian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR eta antigenoen 7.503 proba egin zituzten –%7,1eko positibon tasarekin–, eta 2.666 Nafarroan –%6,8ko positibotasun tasa–.
Beste 46 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta ZIUn dauden lagunak 71 dira, bezperan baino bat gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz ospitaleratuen daturik eman.