238.482 euro bideratuko ditu udalak autonomoei eta mikroenpresei dirulaguntzak ematera

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 10a, 11:00
Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia eta Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria. (Zarauzko Udala)

Abenduan abiarazitako laguntza kanpainaren ondotik, aurkeztutako 273 eskaerei erantzungo die udalak. 

Autonomoentzako eta mikroenpresentzako dirulaguntza kanpaina berria abiarazi zuen Zarauzko Udalak abenduan, urgentziaz. Kanpainan parte hartu zezaketen egoitza Zarautzen duten eta derrigorrezko itxierak eragin dienek edo COVID-19aren eraginez azaroaren 6tik aurrera diru-sarreren %40 baino gehiago murriztu zaienek. 273 negoziok aurkeztu dute laguntza eskaera, eta "aurkeztutako dokumentazio guztia osatu eta egiaztatu ondoren", udalak 238.482,31 euro banatuko ditu negozio horien artean. Hala azaldu du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak prentsa ohar bidez: "Eskaerak aurkezteko epea bost egunekoa baino ez zen izan, eta erantzuna ona izan da. Pozik gaude bigarren laguntza kanpaina honen erantzunarekin". 

Ordainketa guztiak urtarrilaren 15etik aurrera egingo dituztela ere jakinarazi du zinegotziak eta, azaldu duenez, eskatzaileek zarautz.eus webgunean kontsultatu ahal izango dute emandako laguntzaren zenbatekoa. Bestalde, gogorarazi du laguntza horiek lehen olatuaren ostean emandakoen osagarriak direla. Oharrean zehazten denez, orduko hartan 230 negozio baino gehiagoren artean 230.000 euro banatu zituzten. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Larrañagak udalaren izenean Turismo Bulegoko langileei, "aurkeztu beharreko dokumentazioa betetzeko laguntza eskatu duten interestun askori aholuak emateaz arduratu baitira".

Datuen eguneraketa

Negozio guztiei harremanetarako datuak eguneratu ditzaten eskatu die udalak, "Zarautzen etorkizunean egin daitezkeen laguntza, sustapen edo ekintzei begira". Turismo Bulegora bertaratuta eguneratu ditzakete datuak negozioek.