600 zarauztar inguru bildu dira Sarek deitutako presoen aldeko mosaiko erraldoian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 9a, 19:37

Kartulinak nahiz mugikorreko linternak altxatuta, argazki dotorea atera dute malekoian Sareren deialdiarekin bat egin duten zarauztarrek. Aurten modu desberdinean izanagatik, beste urte batez "elkarbizitzarako eta bakerako" aldarria egin dute.

Sare plataformak deituta, 238 udalerritan egin dituzte protestak gaur Euskal Herri osoan. Zarautzen ere kalera atera dute euskal presoen aldeko aldarria eta, Bidea Gara lelopean, malekoian argazki erraldoia atera dute 600 lagun inguruk. Gustura agertu dira Sare plataformako kideak, 500 lagunen langa gainditzeko erronka ezarri baitzuten.

Eguraldi makurra eta egundoko hotza eginagatik, antolatzaileen jarraibideei kasu egin, eta ilaratan antolatu dira parte hartzaileak ekitaldia jarraitzeko zein argazki erraldoia ateratzeko. Saioa Landak eta Axi Bagliettok gidatutako ekitaldi xumean, bertso sorta abestu dute hasteko Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Nahikari Gabilondo bertsolariek, Aitor Amilibiaren gitarrako akordeek lagunduta. Jarraian, Ana Galarragak eta Iratxe Esnaolak irakurri dituzte gaur Euskal Herriko beste hamaika txokotan ere aldarri hartu dituzten lerroak.

Hitzartzea presoen eskubideez

Irakurritako testuan nabarmendu dute "etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea" dela deialdiari erantzun dioten herritarrek hautatu dutena. "Giza eskubideak oinarri" emandako "aurrerapausoak" izan dituzte ahotan, eta azpimarratu dute salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko beharra. "Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, bereziki haurrak eta adineko pertsonak, zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu-progresioa ukatuz".

Bestalde, garrantzitsutzat jo dituzte "Frantzian eta Espainian azken urte eta hilabeteetan eman diren aldaketak". Izan ere, Frantziako Gobernuak baldintzapean aske utzi zuen Frederik Xistor Haranburu iragan azaroan, eta Espainiako Gobernua hainbat preso gerturatzen ari da azken hilabeteetan. "Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili, baina badugulako ere ibiltzeko bidea. Gu gara horretarako bermea, gu gara bidea".

Amaitzeko, sei eskari zehatz egin dituzte:

  1. Euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  2. Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  3. Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  4. Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  5. Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  6. Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

Argazkiak: Sare Zarautz eta Amaia Urbieta Arruti