Felipe Gonzalezen eta GALen arteko lotura ikertzeko eskatu dio Pili Zabalak fiskaltzari

Zarauzko Hitza 2021ko urt. 11a, 10:15

GAL ikertzeko plataforma martxan jarriko zuela iragarri zuen Zabalak ekainean, eta ari da pausoak ematen. Eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa jar daitekeen, "ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik". GALek eraildako Joxi Zabalaren arreba da Pili Zabala.

Pili Zabala Zarauzko bizilagun eta GALek eraildako Joxe Zabalaren arrebak eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzari ikertzeko Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin izaniko lotura. Hain justu, GAL ikertzeko plataforma bat martxan jarriko zuela iragarri zuen tolosarrak ekainean

Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, "ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik". Era berean, ikertzeko exijitu du ea Espainiako presidente kargua baliatu zuen "erreserbatutako funtsen bidez giza eskubideen urraketa larriak onartzeko, finantzatzeko edo estaltzeko". Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek prozesu berri bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian, haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik.

Horrez gain, Zabalak gogoratu du AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak 1984an eginiko txosten batek "terroristak legez kanpo borrokatzeko mertzenario taldeen sorrerarekin" lotu zuela Gonzalez. Sinesgarritasuna ematen dio CIAren txostenari, argudiatuz haren argitaratze data "Espainiako Gobernua GALen atzean zegoela zioten lehen argitalpenen aurretik" egina dela.