Haurren heziketari buruzko hitzaldiak emango dituzte Modelon

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 11a, 11:11

Bihar izango da lehen hitzaldia, 0 eta 3 urte bitarteko haurren heziketaren inguruan; joateko, izena eman beharko da aurretik. Gaian aditua den Alvaro Beñaran Aranzabal ariko da hizlari lanetan.

Zarauzko Ikastolak haurren heziketari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu. Modelo aretoan izango dira biak, eta hizlari bera edukiko dute: Alvaro Beñaran Aranzabal. Pedagogia terapeutikoan lizentziatua da Beñaran Aranzabal, baita ASEFOPeko formatzailea eta LUZARO UNED-eko Psikomotrizitate Eskolako Zuzendaritzako kide eta irakasle ere.

Bihar izango da lehen hitzaldia, 0-3 urte bitarteko haurren hezkuntzaz, Mitoak eta errealitatea izenburupean. 18:00etan jarri dute hitzordua, eta joateko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, esteka honetan. Besteak beste, hizpide izango ditu adituak haurrekiko komunikazioaren garrantzia, mugak eta identitatea nahiz eguneroko autonomia. 

Bigarren hitzaldia ildo beretik joango da, baina 3 eta 6 urte bitarteko haurrak izango ditu hizpide Beñaran Aranzabalek, Haur autonomoak eta seguruak: nola? goiburu hartuta. Hori urtarrilaren 26an izango da, asteartean, eta aurrekoaren esteka berean eman behar da izena joateko. 18:00etan hasiko da hitzaldia, eta bertan landuko dira, besteak beste, haurren autonomiarako bidea, agresibitatea eta inhibizioa nola bideratu, eta identitatea eraikitzea.