Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango dira Putzuzulon ostegunean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 11a, 12:51

Lehen 'Galdedebalde' irratsaio berezia egingo dute ostegun honetan, publikoarekin eta artista gonbidatuekin. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai Putzuzulon.

Arraio Irratiko Galdedebalde irratsaioak saio bereziak eskainiko ditu datozen asteetan, gonbidatu bereziekin eta publikoarekin. Ziklo bereziari hasiera emateko, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango dira saioko gonbidatuak ostegun honetan. Galdedebaldek ohiko formatuari eutsiko dio edukian, eta saioan zehar galderak egingo dizkiete gonbidatuei. Amaitzean, monologo labur bana eskainiko dute bi umoregileek.

Herritarrek irratsaioa zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango dute Putzuzulon. Ikustera joateko sarrerak bihar jarriko dituzte salgai gaztetxean bertan, 19:00etatik aurrera. Zahaztu dute pertsona bakoitzak gehienez ere bi sarrera eros ditzakeela. 18:30ean hasiko da irratsaioa ostegunean, eta jakinarazi dutenez, 18:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 18:15ean itxi. 

Datozen asteetarako horrelako beste bi saio iragarri dituzte; horietan, Olatz Salvador eta Xabi Bandini musikariak izango dira gonbidatuak, baina oraindik ez dute data zehatzik iragarri.

Zozketak

Bestalde, publikoak aukera izango du ostegunean Garmendia eta Plazaolari galderak egiteko. Saio honetan eta aurrerago egingo dituztenetan galderak egiten dituztenen artean Kirkilla jatetxean bazkaria zozkatuko dute Galdedebaldekoek, eta ikusle denen artean Baga Bigaren garagardo pack-a ere zozkatuko dute.