Iruzur saiakera berriez ohartarazi du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 13a, 11:43

Kontratazio Publikoa Euskadin plataformaren erabiltzaile diren botere esleitzaileen nortasuna ordezkatzeko saiakera berriak atzeman direla ohartarazi du Zarauzko Udalak bere webgunean, eta arretaz ibiltzeko eskatu die esleipendun gisa proposatutako lizitatzaileei.

Udalak bere webgunean jakitera eman duenez, iruzur saiakera berriak atzeman dituzte azkenaldian. Dirudienez, Kontratazio Publikoa Euskadin plataformaren erabiltzaile diren botere esleitzaileen nortasuna ordezkatzen ahalegindu dira. Udalak azaldu duenez, iruzurgileen jokabidea antzerakoa da beti: "lizitazioaren esleipendun izango denaren nortasuna argitaratu ondoren, mezu elektroniko bat bidaltzen dute Kontratazio Publikoa Euskadin plataformako gezurrezko kontu batetik, esleipendun izango den lizitazioari dagokion behin betiko fiantza eratzeko eskatzen. Horretarako, atzerrian dagoen banku erakunde baten kontu zenbakia ematen dute beti". 

Horri lotuta, arretaz ibiltzeko eskatu die udalak esleipendun gisa proposatutako lizitatzaileei, eta honako gomendio hauek luzatu ditu:

1- Ez fidatu komunikazio kanal ezohikoetatik jasotako komunikazio guztiez.

2- Egiaztatu mezu elektronikoak zein domeinutatik jasotzen diren, eta horiek bat datozen lizitatutako botere esleitzaileenekin.

3- Dokumentu elektronikoak jasoz gero (.pdf formatua), egiaztatu sinadurak dokumentuan bertan.

4- Ez aurkeztu bermerik banku-transferentzia bidez, hori baita iruzurgileek iruzurra egiteko duten modua.

Amaitzeko, udalak eskatu du, azaldutakoaren moduko jardueraren baten berri izanez gero, jakinarazteko KPE-CPE plataformari kontratazioa@euskadi.eus helbidera idatzita.