Amaitu dute Vista Alegreko espaloiak konpontzeko lanen bigarren fasea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 13a, 15:00
(Zarauzko Udala)

"Aurreko zoladuraren izaera mantenduz", "oinezkoen labainketa arriskua ekiditeko" lanak egin dituzte Vista Alegreko espaloietan. Udalak ez du zehaztu noiz eta nola gauzatuko den obren hirugarren fasea.

Zarauzko Udalak aurreko urtean jarri zituen martxan Vista Alegreko espaloiak konpontzeko lanak. Iban San Martin Obra Txikiak eta Zerbitzu zinegotziak dio "oso egoera kaskarrean" zegoela "espaloien zoladura", "harrizko lauzak", hain zuzen, "oso higatuta" zeudelako.

Obren bigarren fasea amaitu berri dute orain, eta San Martinek azaldu duenez, galipot gorria erabili dute espaloiak egokitzeko eta "oinezkoen labainketa ekiditeko", "aurreko zoladuraren izaera mantenduz" beti ere.

Trabit S.L. enpresa arduratu da lanak gauzatzeaz, eta udalak 48.395,74 euro (BEZ gabe) bideratu ditu horretarako. Oraindik, baina, ez dute zehaztu noiz eta nola helduko dioten lanen hirugarren faseari.