2020ko urtarrilaren 13an hasi zen, hain zuzen, 2017an Zarautzen emakume bat bortxatu zuen gizonaren aurkako epaiketa. Gipuzkoako Auzitegian izan zen judizioa, eta urtebete beranduago atera da argitara ebazpena: sei urteko kartzela zigorra ezarri diote erasotzaileari, Gipuzkoako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak –emakumearen familia– bederatzi urteko zigorra galdegin bazuten ere.
Ez hori bakarrik: zazpi urteko iraupena izango duen urruntze-agindua bete beharko du gizonak, eta ezingo da emakumearekin harremanetan jarri. Bestalde, 10.000 euroko kalte-ordainak ere ordaindu beharko dizkio.
Ia lau urte atzera
2017ko ekainaren 22an izan zen erasoa. Neskak auzi-saioan azaldu zuenez, gau horretan ezagutu zuen erasotzailea Zarauzko taberna batean, 05:00ak edo 05:30ak aldera. Hizketan hasi eta elkarrekin leku "desberdin" batera joango zirela esan zion orduan mutil gazteak, nahiz eta emakumeak esan zuen ez zela "oso kontziente zer gertatzen zen", kontsumitu zuen alkohola zela-eta.
Zarauzko etxe "abandonatu" batera eraman zuen gizonak; han, gerritik behera biluztu, petril batean eseriarazi, besoetatik eutsi eta bortxatu egin zuen, neskak berak adierazi zuenez. Esan zuen ezin zuela mugitu eta bere burua babestu, baina behin eta berriz oihukatu zuela "ez zuela nahi", negar artean.
Emakumeak 16 urte zituen orduan, eta 18 urte erasotzaileak. Epaiketan, gizonak argudiatu zuen baimendutako sexu-harremanak izan zirela gau hartakoak.