Zarautzera ere iritsi da COVID-19aren aurkako Pfizer txertoa. Gaur hasi da txertaketa Santa Ana egoitzan; hain zuzen, 77 egoiliarri –bik eman dute ezezkoa– eta 63 langileri –hemezortzik eman dute ezezkoa– jarriko diete txertoa gaurkoan.
Txertaketaren aurreneko fasea izango da honakoa, eta berez hurrengo saioak 21 egunera izan beharko lukeen arren, Santa Anako langileek azaldu dute oraindik ez zaiela jakinarazi zehazki noiz izango duten hurrengo hitzordua. "Bigarren fasearen zain gaude, eta irrikaz hori lehenbailehen heltzeko", dio Maite Ijurrak. Erizain jarduten du Santa Anan.
"Martxoa inguruan nahikoa kutsatu izan genituen, eta gaizki pasatu genuen. Irrikan geunden babes hori jasotzeko moduren bat aurkitzeko. Pandemia bat da hau azken finean, eta guk ikusten dugu ez dagoela beste aukerarik", azpimarratu du Ijurrak.
Langileak adierazi du Zarauzko eta Zumaiako egoitzak direla, aurreneko fase honetan, txertoa jasotzen azkenak: "Ez dakigu zein irizpide jarraitzen dituzten txertaketarako zerrendak egitean, baina guk lehenbailehen jartzea nahi genuen. Ez da horrela izan eta azkenak gara, baina heldu zaigu azkenean".
Zarauzko eguneko zentroari dagokionez, oraindik ez dakite zein egunetan egingo den txertaketa.
Laster izango da ikusgai gaurko txertaketaren irudiak jasotzen dituen bideoa