Ardura berria sortu du Zarauzko Udalak, "animalien ongizaterako eta babeserako"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 15a, 14:30
(Zarauzko Udala)

Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak hartu du bere gain ardura berri hori, eta adierazi du bere asmoa dela "ardurapean ditugun maskoten eta jabeon bizi kalitatea hobetzea".

"Animalien ongizaterako eta babeserako" ardura berria sortu du Zarauzko Udalak. Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak hartu du eginkizun hori; gaur egun, Agenda 21, Ingurumen eta Berdintasun sailen ardura du. "Ilusioz eta gogotsu hartu dut ardura hau, gaia kudeatzeko, gure ardurapean ditugun maskoten eta jabeon bizi kalitatea hobetzeko asmoz", dio Vazquezek.

Ardura berri horri helduta bete beharreko lan zehatzari dagokienez, azaldu du "zaharkituta geratu" dela "animaliak babesteko eta zaintzeko ordenantza"; "azken arau aldaketak kontuan hartuta, animalien ongizatea zaindu behar baita". Hala, "herritarren eta maskoten arteko elkarbizitza osasungarria" bermatze aldera, "araudia egungo garaietara egokitzea eta behar diren hobekuntza guztiak sartzea" jo ditu beharrezkotzat Vazquezek.

Neurri posible gisa aipatu ditu "txakur parke gehiago" egokitzea "eginbehar desberdinei erantzuteko", "katuen ohatzeak CER metodoaren bidez arautzea", "animaliei bide publikoan janaria ematea arautzea" nahiz "sentsibilizazio kanpainak" martxan jartzea.