Eremu horia izaten jarraitzen du Zarautzek, 244,14ko intzidentzia tasarekin

Atzoko probetan hiru kasu positibo zenbatu zituzten Zarautzen, eta aurreko bi egunetan bezala, 244,14koa da kasu metatuen tasa. Azkeneko zazpi egunetan 21 emaitza positibo izan dira herrian. Eskualdean, Aian, Aizarnazabalen eta Zumaian daude 500eko intzidentzia tasatik gora.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzoko probetan hiru lagunek eman zuten positibo Zarautzen. Aurreko bi egunetan bezala mantendu da intzidentzia tasa, beraz: 244,14koa da une honetan eta, hala, eremu horia izaten jarraitzen du Zarautzek.

Azkeneko zazpi egunetan –aurreko ostegunetik, urtarrilak 7, atzora arte– 21 positibo baieztatu dituzte herrian: hiru atzo, bi herenegun, bat bera ere ez asteartean, bost astelehenean, bi igandean, sei larunbatean eta hiru aurreko ostiralean.

Aurreko zazpi egunekin alderatuta, beraz, behera egin du atzemandako kasuen kopuruak. Izan ere, abenduaren 31tik urtarrilaren 7ra bitartean, 36 izan ziren detektatutako positiboak. Gaurko eta aurreko ostiraleko intzidentzia tasei erreparatzen badiegu ere beheranzko joera islatzen dute datuek: esan bezala, 244,14koa da gaur, eta 265,56koa zen duela astebete. Dena den, Zarautz eremu horia zen aurreko ostiralean ere, eta oraindik ez du lortu hortik irtetea.

31 positibo eskualdean

Eskualdean, berriz, atzo 31 positibo zenbatu zituzten guztira. Zumaian dute egoerarik txarrena; hamahiru positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta 926,02ko intzidentzia tasa dute gaur-gaurkoz. Eremu gorrian segitzen dute herri horretan, eta, beraz, itxita egongo dira mugak.

Sarrera-irteerak debekatuta dituen beste herri bat Aizarnazabal da. Atzo ez zuten batere positiborik zenbatu herri horretan, baina azken egunetako positibo kopurua dela eta, 7.412,22ko intzidentzia tasa dute han; beraz, herritik atera gabe jarraitu beharko dute bertako bizilagunek. Aian ere 500eko langa gainditu dute, atzo zenbatu zituzten bi positibo berriak kontuan izanda; 503,78ko tasa dute han egun. Ikusteko dago oraindik Osasun Sailak astelehenean herri horretako mugak ixtea erabakiko duen ala ez.

Azpeitian lau positibo berri baieztatu zituzten atzokoan. Azken astean atzemandako kasuak kontuan izanda, urriaz geroztik izan duen intzidentzia tasarik baxuena du gaur-gaurkoz Azpeitiak: 274, 45. Horrenbestez, 300eko langatik jaitsita, eremu horira igaro da herria.

Gainontzeko kasu positiboak honako herri hauetan zenbatu zituzten atzo: Orion, lau; Azkoitian eta Zestoan bina; eta Getarian bat. Herri horien artean, Orion dute intzidentzia tasarik altuena: 407,7ko tasa dute egun, eta eremu laranjan daude herri horretan. Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan.

Hego Euskal Herriko datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.224 antigeno eta PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo. Horietatik 760k eman zuten emaitza positiboa; %5,6k, alegia. Bizkaian 412 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 239 eta Araban 100. Nafarroan, berriz, 226 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino hamahiru gehiago. 2.861 proba egin zituzten atzo lurralde horretan, eta %7,9koa da positibotasun tasa.

Osakidetzaren zentroetan 50 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta, guztira, 367 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 84 ZIUn. Nafarroan, ZIUko oheen %11,20 daude beteta COVID-19 gaitza duten pazienteekin.