%8,4ko langabezia tasa zegoen Zarautzen 2020. urte amaieran

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 16:00

Langabezia tasa %8,4an kokatu zen urtearen amaieran Zarautzen. Azaroko kopurua baino zertxobait txikiagoa da, %8,6koa baitzen hilabete horren amaieran. Langabeen erdiak baino gehiago dira emakumeak.

2020. urte amaieran %8,4koa zen erregistratutako langabezia tasa Zarautzen. 967 pertsona zeuden langabetu modura izena emanda, eta horietatik 523 ziren emakumeak eta 444 gizonak. 2020ko azaroan %8,6koa zen tasa.

Urola Kostari dagokionez, abenduan %9,8an kokatu zen langabezia tasa. Eskualdeko ehunekoa Gipuzkoakoren (%9,6) gainetik dago, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,1) azpitik. Halere, nola Gipuzkoako tasak hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak behera egin dute.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, abenduaren amaieran 3.275 lagun zeuden lanik gabe Urola Kostan, azaroan baino 21 gutxiago. Langabe horiek guztietatik 1.467 gizonezkoak ziren, eta 1.808 emakumezkoak. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, berriz, langabe gehien zeuden adin tarteak ziren 25 eta 44 urtekoak eta 45 urtetik gorakoak. Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek, eta zerbitzuen sektorea da herriz guztietan langabe kopuru gehien dituen eremua.

%13,2ko tasarekin, Aizarnazabal da eskualdeko tasatik gora dagoen Urola Kostako herri bakarra. Haren ostean tasa handiena duten Urola Kostako herriak dira Zestoa (%9,3) eta Orio (%9,2). Zarautz, Azkoitia, Azpeitia eta Getaria ez beste herri herri gehienetan egin du gora; Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen tasa berdin mantendu da azarotik. Langabe kopuruak, halere, behera egin du eskualdean.

Herriz herriko tasak

  • Aia %6,2 (%6,1 azaroan)
  • Aizarnazabal %13,2 (azaroko berdina)
  • Azkoitia %9,1 (%9,6)
  • Azpeitia %8,8 (%9)
  • Beizama %8,5 (azaroko berdina)
  • Errezil %5,7 (azaroko berdina)
  • Getaria %6,7 (%6,8)
  • Orio %9,2 (%9 azaroan)
  • Zarautz %8,4 (%8,6 azaroan)
  • Zestoa %9,3 (%8,6 azaroan)
  • Zumaia %9 (%8,6 azaroan)