Ez da ohiko ospakizunik izango aurtengo Inauterietan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 20a, 10:30

Otsailaren 13an eta 14an izango dira Inauteriak, baina oraingoan ez dira egingo aurreko urteetan izan diren ekimenak. Dena den, etxetik Inauterietako Konpartsan parte hartzera dei egin du udalak: prest dute aurtengo koreografia, eta zarauztarrek etxean dantzatzea eta bideoan jasotzea da udalaren asmoa.

2021eko Inauteriak ere "ezingo dira ohiko moduan ospatu", Zarauzko Udalaren esanetan. Aurtengoan otsailaren 13an eta 14an izango dira Inauteriak, eta azkeneko urteetan egin diren ekimen eta jarduerak izango ez badira ere, Inauterietako Konpartsari eusten ahaleginduko dira, formatu berri batekin: etxetik, eta bideoan.

Hain zuzen, udalak azaldu du Konpartsaren aurtengo koreografia prestatu dutela jada Yasmilka Rodriguezek eta Joana Merinok, eta dei egin die Zarauzko bizilagunei urratsak ikastera, etxean dantzatzera eta bideoan jasotzera. "Banaka, bikoteka edo burbuila taldeka grabatu daiteke bideoa", eta koreografia dantzatzeaz gain, bideoan mozorrotuta egon beharko dute dinamikan parte hartuko duten guztiek.

Mozorroek oinarri izan beharko duten gai amankomuna ere zehaztu du udalak: aurten egun berdinean izango dira Inauteriak eta San Balentin eguna, hortaz, Maitasuna izango da gai nagusia.

Otsailaren 2ra arte

Udalak ireki du jada irudiak biltzeko epea. Hala, zarauztarrek otsailaren 2a baino lehen grabatu eta bidali beharko dituzte haien bideoak, jaiak@zarautz.eus helbidera. Ordura arte izango da, beraz, koreografia ikasteko, mozorroa pentsatzeko eta hori guztia bideoan jasotzeko epea. Ohar modura, jakinarazi dute horizontalean grabatu beharko direla bideo guztiak, eta parte hartzaileek harremanetarako pertsona baten datuak zehaztu beharko direla bidalketan; hala nola, izen-abizenak, telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat.

Helarazten diren irudi guztiekin bideo orokor bat osatuko du udalak, eta Inauterietan egongo da ikusgai.