Amenabarrek egingo ditu Eguzki-Izar eremuko urbanizazio lanak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 21a, 14:57

5.132.980 euroko aurrekontuarekin, etxebizitzak eta hotel bat eraikitzeko lanei helduko die promotoreak. Jarduketa programari hasierako onespena eman dio udalak. 

Urtarrilaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO) jaso zuenez, Zarauzko Udalak hasierako onespena eman dio jada Eguzki-Izar urbanizatzeko Amenabar Etxegintza Berria SL sozietateak sustatutako jarduketa programari. Etxebizitzak eta hotel bat eraikiko dituzte Iñurritzako gune horretan; hain zuzen, 18.000 metro koadrokoa izango da etxebizitzak egiteko eremua, eta 4.000 metro koadrokoa ostatu-erabilerarako izango den gunea.

Zarauzko Udalak, zehazki, abenduaren 21ean onartu zuen Amenabar promotoreak aurkeztu duen esku-hartze programa. Iazko uztailean osatu zuten txostena, baina aurrekarien atalean zehazten den modura, Eguzki-Izar eremurako planak oinarri du Udal Administrazioaren, Salbatore Mitxelena Ikastolaren eta Promociones Andutz Mendi S.L. promotorearen arteko hirigintza hitzarmena.

2018ko abuztuan onartu zuen hitzarmena Zarauzko Udalbatzak. Orduan aurreikusi zuten, besteak beste, Eguzki-Izarreko partzeletan etxebizitzak nahiz hotel bat egitea, Ikastola berritzea, Iñurritza ibaiaren errekabazterra berreskuratzea eta biribilgune bat eraikitzea Gipuzkoa eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzean.

Amenabarrek 5.132.980,29 euroko aurrekontua izango du Eguzki-Izarren urbanizazio lanak egiteko, BEZ barne. Aurreikuspena da obra fase bakarrean gauzatzea, lau urteren buruan. Birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak onestean hasiko litzateke epe hori.

Jarduketa-programa jasotzen duen espedientea kaleratu dute jada. GAOn jakinarazpena argitaratu zuten egunetik —urtarrilaren 18a— kontatzen hasita, hogei eguneko epea izango da herritarrek programaren aurkako arrazoibideak aurkezteko.Txostena eskuragarri egongo da Herritarren Arreta Zerbitzuan nahiz udalaren web orrialdean.