Aintzane Pujanaren erailketa salatzeko elkarretaratzera deitu dute biharko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 22a, 09:02

Urtarrilaren 4an topatu zuten 32 urteko emakumearen gorpua, eta bi pertsona atxilotu dituzte hilketa horren harira. Atzo jakinarazi zuten, gainera, Pujana legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea ere egotzi dietela. Zarauzko Koordinadora Feministak protestara deitu du biharko, 12:00etan.

Aintzane Pujanaren bikotekideak urtarrilaren 1ean salatu zuen haren desagertzea, eta hiru egun beranduago atzeman zuten haren hilotza, Aizarnazabalen. Urtarrilaren 12an atxilotu zituzten bi pertsona, 32 urteko emakumea erailtzea leporatuta.

Atzo jakinarazi zutenez, Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak beste bi delitu ere egotzi dizkie orain, bi akusatuek deklaratu eta Ertzaintzak auziko frogak aurkeztu ostean: Pujana legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea. Bikotea dira bi atxilotuak, eta Martuteneko espetxean daude egun.

Zarautzen protestara dei egin du Zarauzko Koordinadora Feministak, erailketa matxista salatzeko. Bihar, larunbata, izango da elkarretaratzea, 12:00etan Lege Zaharren Enparantzan.